Berrikuntza norbanakoaren berezko gaitasuna bada ere, Zientzia eta Hezkuntzarekin uztartuz gero, gizartea garatzeko funtsezko tresna bilakatzen da.  Eta azkeneko 250 urteetan, Zientzia Modernoaren garaian hain zuzen, agerian geratu da. Horixe da gaurtik aurrera Laboratorium museoa bisitatzen duen edonork barneratuko duen mezua, museoko erakusketa iraunkorrak azkeneko 250 urteetan zientziari eta hezkuntzari esker emandako aldaketak jasotzen baititu.

Ekitaldia, antzerkiz blai

Irekiera-ekitaldia egingo da gaur arratsaldeko 19:30ean Errekalde jauregian. Bertan izango dira, besteak beste: Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaria; Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia; eta Juan Jesus Alberdi, Bergarako Alkatea.

Zientzia eta hezkuntza arloko adituak ere ez dira faltako. Herriko eta eskualdeko eragileak ere deituta daude ekitaldira. Bertan izango direla baieztatu dutenen artean daude Jose Maria Mato CIC Bioguneko zuzendaria, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Katedra Zientifikoko zuzendaria, Amaia Zurutuza "Graphenea"ko zuzendari zientifikoa, edota Arantza Aldezabal EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikerlari eta irakaslea.

Udalak karpa bat prestatu du eta bertan egingo dira ekitaldirako antolatutako ekintza guztiak. Horrela, museoak zientziaren hedapenean duen garrantzia nabarmentzen duen bideo bat ikusi ahal izango da, eta ordezkari politikoen hitzen ostean, “Mozkorra Parregarri” operaren zati bat antzeztuko da, Bergara eta museoaren arteko loturaren isla. 

Erakusketa iraunkorra, nabarmentzekoa

Laboratorium museoko erakusketa iraunkorrean Errege Seminarioaren historia eta garai hartako bilduma zientifikoa osatzen duten pieza originalak ematen dira ezagutzera. Horretarako, erakusketa hiru eszenatoki ezberdinetan banatzen da:

  • Lehenengoa Ilustrazio garaian kokatzen da, Zientzia Modernoaren hastapenean. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik Errege Seminarioaren sorrera azaltzen da, eta bertan kimikak izan zuen garrantzia, Wolframaren aurkikuntzarekin.
  • Bigarren eszenatokian, XIX. mendearen erdialdean “Real Seminario Científico Industrial”en sorrera, eta zientziak eta fisikak industrializazioan izan zuten garrantzia azaltzen da.
  • Eta azken eszenatokia XIX. mendearen bukaeran kokatzen da. Errege Seminarioa dominikoen esku geratu zen garaia, eta ordura arteko proiektua zientzia naturalekin lotu zutenekoa.

Erakusketa guztian zehar, azken 250 urteetan gizartean bizi izan den garapena azaltzen da, Errege Seminarioaren historia kontatzen den heinean. Amaitzeko, XX. mendeko garapenari erreferentzia egiten zaio, hausnarketarako tarte batean.

Historiaren lekuko, Seminarioko zientzia-bildumako 110 ale ikusgarri erakusten dira. Eta testu eta pieza originalekin batera, ikus-entzunezkoak eta interaktiboak ere baditu erakusketak.