webmaster-k Az, 2025-11-19 10:30-n bidalia
Antzuolako saneamendu kolektore berria eta udalerri hori Bergararekin lotzen duen bizikleta eta oinezkoentzako bidearen III. fasea batera eraikitzen hasi dira. Hala egiaztatu ahal izan dute gaur Gorka Artola eta Olatz Lezeta Bergara zein Antzuolako alkateek, Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatuak, beren lantalde teknikoek lagunduta obra ingurunera egin duten bisitan. Obrak 2.700.000 euroko aurrekontua izango du.
Jarduketa, lehenik eta behin, 1.286 metroko luzera izango duen saneamendu kolektore berri bat eraikitzean datza. Kolektore horrek Antzuolako udalerriko hondakin eta industria isurketak bilduko ditu —gaur egun izen bereko ibaira isurtzen direnak—, eta Deba ibaiaren hodi biltzaile nagusira eramango ditu, Bergarara.
Debagoieneko saneamendu eskema orokorrean aurreikusitako jarduketa da, zeina hiru kolektorek osatzen duten: Antzuola-Bergara kolektorea, Antzuola ibaiaren aldetik; Bergarakoa, Deba ibaitik (Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eraikia, dagoeneko martxan), eta Elgetakoa, Ubera ibaitik.
Ondoren, saneamendua hobetzeko jarduketa aprobetxatuz, esku hartzeak bidegorriaren eta oinezkoen zati berri bat egitea aurreikusten du: 806 metro luze, Galartza auzorako sarbidearen eta Urteaga kalearen artean, Arregui aroztegi zaharraren parean. Tarte horrek jarraipena emango die aurreko faseetan egindakoei, hiri eta industria espazioak lotuz eta garraiobide iraunkorren erabilera sustatuz, hala nola bizikleta edo oinez joatea, segurtasun eta erosotasun baldintzetan.
Proiektua kontu handiz diseinatu da gaur egungo hiri-bilbearekin eta industria-bilbearekin integratzeko, ingurunearen topografia errespetatuz eta hodietan, zoruetan eta altzari-elementuetan birziklatutako materialak erabiliz. Hona hemen obra aipagarrienak:
• Antzuola ibaiaren gainetik 19,6 metroko oinezkoentzako pasabidea eraikitzea.
• Ibilbidean zehar LED argiteria-sare bat instalatzea.
• Eustorma berriak eta indargarriak puntu estrategikoetan.
• Zoladurak berritzea, eragindako zerbitzuak eta kanalizazioak.
• Drainatze-sare eraginkorra eta lotutako ingurumen-neurriak gauzatzea.
Industrialderako sarbide berri bat eta 10 ibilgailurentzako aparkaleku bat jartzea ere aurreikusida, baita plastiko birziklatuzko barandak eta Gipuzkoako hiriarteko bizikleta bideen estandarretara egokitutako seinaleak jartzea ere.
Gorka Artola Bergarako alkatearen hitzetan, “Bergaran mugikortasun jasangarriago baten alde lanean gabiltza aspalditik, eta bidegorria horren adibide da. Bizikletaz eta oinez ibiltzeko aukera seguruagoa eta erosoagoa eskainiko du lan guztiak bukatzen direnean, eta horretarako azken fasea geratuko zaigu bakarrik.
Bidegorri honek aukera emango digu autoaren erabilera murrizteko, kutsadura gutxitzeko eta bizimodu aktiboagoa sustatzeko. Gainera, aisialdirako espazio berria izango da, familientzat, kirolarientzat eta naturaz gozatu nahi dutenentzat”.
Lanak, aurreikuspenen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan amaituko dira, baldintza klimatologikoek eta teknikoek horretarako aukera ematen badute.
Lanak egiten diren bitartean, trafikoari, instalazioetarako sarbideei eta natura-inguruneari ahalik eta kalte gutxien eragiteko neurriak hartuko dira. Halaber, jardueraren ingurumen-jarraipena egingo da, indarrean dagoen araudiaren arabera.

