Hondakinen kudeaketa

PDF artxiboa jaisteko aukera HEMEN

 

Prebentzioa eta gaikako bilketa

Selektiboak gara Hiri hondakinak arazo larria dira, ingurumenean, gizartean eta ekonomian duten eraginagatik.  Ingurumena eta herritarren osasuna zaintzeko, Europar Batasunak hondakinak gutxitzearen aldeko apustua egin du bere kudeaketarako eta berebiziko garrantzizkotzat jo ditu prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena. Planifikatzaile eta kudeatzaile europarrek beti egin beharko dute pertsonen osasuna eta ingurumena gutxien kaltetzen duten tratamendu sistemen alde. Eta horretarako bilketa eta tratamendu sistema eraginkorrak eta jasangarriak behar ditugu.

Bestalde, botatzeko gai baliogabeak izatetik, baliabide eta material iturri dira hondakinak orain, gero eta gehiago. Hori guztia kontutan hartuta, Debagoienan gaikako bilketaren alde egiten dugu. Gure hondakinak Debagoieneko mankomunitatearen bidez kudeatzen ditugu (www.debagoiena.com).

Prebentzioa da lehentasuna

Hondakinen hierarkia Hiri hondakinak era egokian biltzea eta tratatzea ez da nahikoa. Legediak ezarritako hierarkiari jarraituz, prebentzioaren arloan hasi gara lanean. Hori izan behar da lehen ahalegina. Une honetan, etxeko konpostaren bidezko prebentzioa da gure lehentasuna. Izan ere, gero eta herritar gehiagok erabakitzen dute sukaldeko eta baratzeko hondarrak konpostatzea, eta gure obligazioa da horretan laguntzea. Etxeko konpostari esker, hondakin izatera iritsi aurretik ongarri bihurtzen dira sukaldeko, lorategiko eta baratzeko hondarrak.

Etxeko konposta

Etxean konposta egitea da sukaldeko, baratzeko edo lorategiko hondar organikoak ongarri bihurtzea, modu erraz batean. 2005 urtetik hona, ehunka familia ari da konposta egiten jada Bergaran eta Debagoienan. konposta egitea prebentzio-jarduera gomendagarria da, baina guztiz borondatezkoa. Konposta egin nahi duenak norbere lursail batean jar dezake konpost-gailua (baratzean, lorategian).

 

Horrelakorik ez daukaten herritarrek auzo-konposta egiteko eremu publikoetan egitea dute aukeran, beste herritar batzuekin elkarlanean.

 

Zuk ere konposta egin nahi duzu? Eman izena eta Udalak irakatsiko dizu nola egin eta horretarako behar dituzun materialak dohan emango dizkizu. Hondakin gutxiago sortuko duzunez, bonifikazioa izango duzu hondakinen bilketa fakturan. Gahiago jakin edo izena eman nahi baduzu hona hemen konposta egiteko izena emateko orria.

 

 

Hondakin gutxiago sortzeko beste hainbat aholku

  • Erosketak egiterakoan enboltorio edo bilgarri gutxiko produktuak erostea aukera erraza da.
  • Arrandegira eta harategira tupperrarekin joan gaitezke.
  • Erosketak egiterakoan poltsa berrerabilgarriak eraman ditzakegu.
  • Erosketa ahalik eta gehien planifikatzen badugu, erositakoa etxera eramateko poltsa, tupper eta beharrezko edukiontziak eramatearekin gogoratuko gara!
  • Baserriko produktuak eta bertoko produktu naturalak kontsumitzen baditugu, garraiorako eta salmentarako plastiko eta kartoizko estalki gutxiago erabiliko dira.