Badira zarata handiegirik egin gabe mundua aldatu duten istorioak. Laborategi batean – formula, mineral, ohar eta koaderno artean – hasi eta gaur eguneraino iritsi direnak. Horietako bat 1783an gertatu zen, Bergaran, Elhuyar anaiek ordura arte ezezaguna zen elementu kimiko bat lehen aldiz isolatzea lortu zutenean. Wolframa topatu zutenean, ordea, ez ziren jakitun izan aurkikuntza hark historiaren norabidea aldatuko zuela.

Egun hartatik aurrera, mundua aldatzen zen bakoitzean, wolframak protagonisten artean izaten zen. Hori horrela, elementu erabakigarria bilakatu zen eta, gaur egun ere, halaxe da. Egunero erabiltzen dugun teknologian dago. Bizitzak salbatzen dituen medikuntzan topa daiteke. Etorkizuna eraikitzen duten makinetan. Eta, hala ere, bere historia ezezaguna da oraindik.

Orain, ostera, hura ezagutzeko unea iritsi da eta, horretarako, Laboratorium Museoak “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” erakusketa inauguratu du; wolframaren historian barrena bidaiatzea ahalbidetzen duen murgiltze esperientzia, Euskal Herrian aurkitutako elementu kimiko bakarra. Azken mendeetako zientziaren, industriaren eta teknologiaren garapenean erabakigarri bilakatu den materiala.

Erakusketak Elhuyar anaiek Bergaran metal hau isolatzea lortu zuten garaian hasten den bidaia bat proposatzen du: 1783tik gaur egunera. Ibilbidean zehar wolframa zergatik den giltzarri ezagututuko da, iraganeko eta orainaldiko mugarriak eta, horrez gain, bere etorkizuna irudikatzen da.

“Erakusketa iragana eta etorkizuna batzen dituen bidaia moduko bat da. Gure historia ezagutzeko aukera eskaintzen digu, orainaldia hobeto ulertu ahal izateko. Wolframa zientziak mundua nola eralda dezakeenaren adibide bikaina da. Esperientzia murgiltzaile honen bitartez bisitariak ezkutuan dagoen hura deskubritzea nahi dugu eta, aldi berean, gure gizartean ezagutzak duen zereginaz hausnartzea”, nabarmendu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak.

Bide beretik, Bergarako alkateak, Gorka Artolak, azpimarratu du erakusketak Bergararen izaera zientifikoa balioan jartzen duela. “Bergaratik abiatu zen istorio honek erakusten digu herri txikiek ere ekarpen handiak egin ditzaketela munduari”, gaineratu du. Aldi berean, azaleratu du ezinbestekoak direla ezagutzaren aldeko apustua, ikerketarekiko konpromisoa eta lankidetza.

Urkiri Salaberriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak, aldiz, hausnarketa bat ekarri du gogora bere hitzartzean: “ilargian egon badira, agian da, hemen Bergaran norbait aritu zelako nekez, lanean, wolframa bilatzen, ezta?”. Jarraian, Bergaran gertatutakoa euskarazko atsotitz eder batekin lotu du eta gogorarazi du egunero ekarri behar dugula gure mahaietara, gure etengabeko lan jardunera: “ezinezkoa, ekinez egina”.

Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondareko zuzendari nagusiak, elkarlanak duen garrantzia ipini du balioan: “konfiantzan, eskuzabaltasunean, maitasunean oinarritutako lankidetzak inoiz baino beharrezkoak dira dugunaz gozatzeko eta hobeagoak izateko lagun, erakunde eta lurralde moduan. Laboratoriumen zientzia eta artea modu naturalean batzen dira beti”.

Garbiñe Etxezarretak, Kutxa Fundazioko ekimenen zuzendariak, bestalde, Gipuzkoa bidezkoagoa, ikasiagoa, sortzaileagoa eta jasangarriagoa lortzeko ekimenak bultzatzen eta sustatzen dituztela nabarmendu du eta hor kokatu du Laboratoriumekin eraikitako lankidetza: “Ezagutza bizitzeak eta elkarlana, horrek lotu gaitu. Laboratoriumen pasioz bizi dute bere lan jarduna eta horrek kutsatu egiten du. Izan garelako gara eta garelako izango gara; horixe bera da wolframa”, amaitu du.

Laboratorium Museoaren eta Bergarako Udalaren murgiltze-esperientziak Kutxa Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, baita ondorengo entitate zein pertsonen parte-hartzea: Enpresare, Tecnalia, Elay, Donostiako Kimika Fakultatea, Aythami Soto, Enrique Ascasibar, Inés Pellón, Miguel Angel Lagos, Pascual Román eta Zigor Ruiz de Eguino. Iraupen luzeko aldi baterako erakusketa Bergarako museoa zabalik den ordutegietan bisitatu ahal izango da.

Jatorria: Bergarako Ilustrazio garaiko mugarri zientifiko bat:

Erakusketak XVIII. mendeko Bergarara darama bisitaria, Europa ilustratuaren barruan kokagune aparta izan zen garaira. Aldiune hartan, ezagutza zientifikoa zabaltzen hasia zen eta Bergara zeintziaren erreferente bilakatu zen.

Testuinguru hartan lortu zuten Elhuyar anaiek wolframa isolatzea, urte luzez prestakuntza jaso eta Europan zehar bidaiatu ondoren. Aurkikuntza hori ez zen ausazko emaitza izan, baizik eta ezagutza, ikerketa eta estrategia zientifikoa trukatzeko eraiki zen sare konplexu baten emaitza.

Bergarako Ilustrazio garaiako lorpen zientifiko huts gisa hasi zena, berehala bilakatu zen zerbait askoz ere handiagoa. Wolframak duen muturreko erresistentziak, tenperaturak jasateko duen gaitasunak, balio handiko materialean bihurtu zuten. Giltzarri hainbat eta hainbat esparrutan.

Laborategietan hasitako historiak industrian jarraitu zuen, eta geroago, mendea markatu zuten gatazketan. Wolframa baliabide estrategikoa izan zen. Desiraren objektua. Espioitza, aliantzak eta nazioarteko tirabiren erdigune.

Gaur egun, wolframa funtsezkoa da gure eguneroko bizitzan, hainbeste erabiltzen dugun teknologian esaterako, nahiz eta haren historiak, neurri handi batean, ezezaguna izaten jarraitzen duen gizartearentzat.

Iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituen murgiltze-esperientzia:

“W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” ez da ohiko erakusketa bat, murgiltzen-esperientzia berezi bat da. Modu honetan, bisitariari wolframaren historian barrena zeharkaldi bat eskaintzen zaio.

Esperientzia museografiko garaikide gisa egituratzen da, eszenografia, ikus-entzunezko teknologia eta objektu historikoak uztartuta. Bisitaria wolframaren hiru mugarritan murgiltzen du: aurkikuntzaren testuinguru ilustratuan, wolframak XX. mendeko gatazketan izan zuen eginkizun estrategikoan eta egungo zein etorkizuneko bizitzan.

Esperientzia XVIII. mendeko areto ilustratu batean hasten da, Elhuyar anaiek wolframa isolatzea lortu zuteneko testuingurua birsortuz. Hemen, teknologia modu arinean integratzen da, bisitaria garaiko laborategi baten barruan kokatzen duten gailu interaktiboen eta pieza zientifikoen bitartez.

Jarraian, bisitaria tunel sentsorial gisa jokatzen duen trantsizio-gune batera sartzen da. Bigarren areto honetan, esperientzia erabat aldatzen da: paretak proiekzio inguratzaileekin aktibatzen dira, soinuak pertzepzioa gidatzen du eta narratiba irudi, mapa, dokumentu eta kodeetan zatikatzen da. XX. mendean wolframarekin egiten da topo: gatazkari, espioitzari eta nazioarteko tirabirei lotutako baliabide estrategikoarekin. Bertan, garaiko testuingurua ulertzeaz gain, inguruan izan zuen presioa, sekretua eta dimentsio geopolitikoa sentituko dira.