2025-2026 ikasturtean Bergarako Eskolako Agenda 2030 programarekin aurrera jarraitzen dute herriko ikasleek, eta esku-hartze faseari ekin diote dagoeneko. Izan ere, 2024-2025 ikasturtearen amaieran Bergarako ikasleek argi adierazi zuten beren konpromisoa: herriko eremu bat garbitzeko ekintza komunitarioa egin nahi zuten.

Asmo horri erantzunez, otsailaren 24ko goizean, San Martzial baselizako ingurua garbitzeko jarduera egin dute Bergarako ikastetxe guztietako ikasleek. Guztira, 90 ikaslek hartu dute parte, Lehen Hezkuntza zein Bigarren Hezkuntzakoak, eta horrek eskola guztien arteko elkarlana eta komunitate-sarea sendotzeko aukera ekarri du.

Parte-hartzaileak Aranzadi, Angiozar, Ipintza, Mariaren Lagundia eta San Martin Ikastetxea izan dira. Ekintza honen balioa bikoitza izan da: batetik, ingurunearen zaintza eta, bestetik, ikasleen ideietatik ekintzara igaroz Bergara jasangarriago baten alde egitea.