Bergarako Udalak udalerria Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu izendatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari bidaltzea onartu berri du ostegun honetan ospatutako Lurralde Batzordean. Neurria azken hilabeteetan egindako lan sakon baten emaitza da, eta etxebizitza eskuragarritasuna hobetzeko politika publikoak indartzea du helburu.

Udalak egindako diagnosiak argi uzten du Bergarak baldintzak betetzen dituela izendapena jasotzeko. Azken bost urteetan alokairuaren prezioa %21,7 igo da, KPIaren hazkundea 5,2 puntutan gaindituz; horrek bete betean jasotzen du legeak ezartzen duen irizpideetako bat. Aldi berean, udalerriak 790 etxebizitza huts ditu erroldaturik, parkearen %10etik gora, eta horrek eskain¬tza mugatzen eta merkatuaren tentsioa areagotzen du. Diagnostikoak beste datu adierazgarri bat ere uzten du mahai gainean: etxebizitza parkea zaharra da, batez beste 47,6 urteko antzinatasunarekin, eta irisgarritasun arazoak orokortu dira eraikin askotan.

Aldagai demografikoek ere azaldu dute egoeraren sakontasuna. Azken hamarkadetan Bergarak %3ko biztanleri galera izan du, eta gazteen emantzipazio tasa soilik %32,1ekoa da, prezioen igoera eta eskaintza urria direla medio. Gainera, bizikidetza unitateak ugaritu egin dira, eta horrek etxebizitza txikien beharra handitu du. Udalaren arabera, faktore horiek guztiek elkar elikatzen dute eta etxebizitza eskuratzeko aukerak zailtzen dituzte bereziki gazteen, errenta ertain baxuko familien eta bakarrik bizi diren pertsonen artean.

Testuinguru horretan kokatzen da Udalak garatu duen Etxebizitza Ekintza Plana. Planak lau ardatz nagusi jasotzen ditu: alokairu eskuragarria handitzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, parke zaharra birgaitzea eta erakunde arteko koordinazioa indartzea. Neurri zehatzen artean daude alokairu babestua lehenesteko planeamendu berriak, Bizigune programaren bidez etxe hutsak aktibatzeko kanpaina sendotua, HGZren errekargu progresiboa aplikatzeko aukera eta Alde Zaharrean eta Osintxun bezalako auzoetan berroneratze integralak bultzatzea.

Udalaren esanetan, gune tentsionatu izendapena ez da helburu politikoa, baizik eta beharrezko tresna” herritarrek etxebizitza duin eta eskuragarria edukitzeko duten eskubidea bermatzeko. Izendapenak aukera emango luke alokairuaren prezioetan egonkortasuna lortzeko mekanismoak ezartzeko eta, aldi berean, politika publikoak modu koordinatuan eta eraginkorragoan garatzeko.

Gorka Artola alkatearen iritziz, “argi daukagu izendapen honek, bere horretan, ez diola irtenbide integralik eskainiko arazo sakon honi, baina uste dugu erraminta baliagarria izan daitekeela neurri zehatzak bultzatzeko. Gure helburua Bergara bizigarriago bat denon artean eraikitzea da: gure gazteak hemen bizitzen jarraitu ahal izatea, familiek aukera duinak izatea, eta herriak bere nortasuna eta kohesioa mantentzea”.

Eskaera Lurralde Batzordetik igaro ostean, Eusko Jaurlaritzak udal diagnostikoa, justifikazio memoria eta ekintza plana aztertuko ditu. Izendapena onartuz gero, Udalak iragarri du neurriak 2026an bertan martxan jartzen hasi nahi dituela.