webmaster-k Ar, 2025-10-21 08:57-n bidalia
2026 urte hasieran ekin nahi die Bergarako Udalak San Martin Agirre Plaza eta bere ingurua eraberritzeko lanei, herriguneko espazio publiko historiko eta sozial garrantzitsuenetariko bat biziberritzeko helburuarekin. Datorren hilabetean ospatuko den udal Batzordean onartuko da proiektua lizitaziora ateratzea, eta horren ostean enpresek obrak burutzeko deialdian parte hartu ahalko dute.
Proiektuaren aurrekontu orokorra 2.196.666,20 eurokoa da, eta gaur egun Barrenkalen garatzen ari diren lanen segida bat izatea nahi dute udal ordezkariek, alde zaharrari merezi duen arreta eskainiz:
“Herriko edota auzoguneetako beste puntu batzuetan egiten ari garen bezala, alde zaharrean ere hobekuntza lanak egiten gabiltza, eta San Martin plazako obrak norabide horretan dihoaz. Alde zaharra biziberritu eta bergararrontzat kaleak irisgarriago eta bizigarriagoak egiteko helburuarekin gabiltza lanean”, nabarmendu dute Gorka Artola alkateak eta Markel Azkargorta Hirigintza zinegotziak.
San Martin plaza XVI. mendetik Bergarako bizitza sozialaren erdigunea izan da, eta gaur egun ere erabilera anitzeko gune gisa funtzionatzen du. Hala ere, azken hamarkadetan protagonismoa galdu du, eta horregatik, proiektuaren helburua da plaza berrantolatzea, irisgarritasuna hobetzea eta erabilera sozialak indartzea, herritarren topagune nagusi gisa berreskuratuz.
Esku hartzeak plaza eta inguruko kaleak hartzen ditu: Xabier Maria Munibe plaza, Konbenio kalea eta Bidekurutzeta kalearen zati bat, baita Artekaletik eta San Pedro elizatik plazarako sarbideak ere. Guztira, 1.938 m²-ko eremua urbanizatuko da, eta proiektua VAUMM estudioak erredaktatu du.
Proiektuak hainbat helburu ditu: plaza eguneratzea bizikidetza eta bizitza publikoko gune gisa; espazio txikiagoak sortzea atseden hartzeko eta elkartzeko; jai ekitaldietarako gune egokiak eskaintzea; oinezkoei lehentasuna ematea ibilgailuen aurrean; elementu historikoak berreskuratzea, hala nola iturria; eta zoladura zein hiri azpiegiturak hobetzea.
Zoladura berria asfalto urtuzko laukizuzen batez eta kareharrizko lauzaz osatuko da, erabilerak eta zirkulazioak bereizteko. San Joan suaren ospakizunerako pieza zirkular berezi bat jarriko da, tenperatura altuak jasateko gai dena. Aparkalekuak mantenduko dira (22 plaza), baina diskretuagoak izango dira, botoien bidez markatuta.
Hiri altzari berriak ere jarriko dira: bankuak, paperontziak, bizikleta aparkalekuak, informazio panelak, seinaleak eta argiteria multifuntzionala. Horrez gain, eta bizilagunen eskaerei erantzunez, arnasgune bat sortuko da Biltoki ondoan, izan ere, inguru horretan berdegune txiki bat eta landaredia berria jarriko da, sare automatizatu bidez ureztatuko dena. Horrez gain granitozko piezen bidez egoteko leku bat diseinatu da eta bertan garai bateko iturria berrezartzeko asmoa du proiektuak.
Irisgarritasuna bermatzeko, oinezkoentzako ibilbideak 2 metroko zabalera izango dute gutxienez, eta arrapalak eta pasabideak araudiaren arabera diseinatuko dira.
Proiektuaren aurrekontu orokorra 2.196.666,20 eurokoa da, eta honako kapitulu nagusiak barne hartzen ditu: zoladura, hiri altzariak, instalazioak, kalitate kontrola, segurtasuna eta hondakinen kudeaketa.