Uda ostean, Bergarako Udalak berriz aktibatu ditu Arrizuriaga jauregian garatzen ari diren bi prozesu estrategikoak: Kulturgunea eta Txoko Feminista. Biak espazioaren erabilera sozial eta komunitarioa bultzatzeko helburuarekin garatzen ari dira, herritarren eta eragileen parte hartzea ardatz hartuta.

Prozesu bakoitzak bere izaera propioa izaten ari bada ere, modu koordinatuan garatzen ari dira, jauregiko espazioa modu egokian antolatu eta elkarbizitza sustatzeko.

Txoko Feminista: azken saioa eta hurrengo fasearen hasiera

Txoko Feministaren prozesua azken fasean sartu da. Orain arte, hausnarketa saio desberdinetan txokoaren gako desberdinak landu dira Bergarako emakumeekin.

Elhuyar kooperatibaren laguntzarekin garatu diren saioek emakumeen desioak, interesak eta helburuak aztertu dituzte, proiektuari forma emateko asmoz. Urriko 5. saioarekin amaituko da Elhuyarren parte hartzea, eta saio horretan beste Emakumeen Etxeetara egingo diren bisitek eta hausnarketek hurrengo urratsak zehazteko balioko dute. Saio horretatik abiatuta, prozesuak fase berria hasiko du, espazioaren kudeaketa zehazteko eta herrian prozesuaren emaitzak zabaltzeko.

Kulturgunea: ekintza pilotuak eta funtzionamenduaren definizioa

Kulturgunearen prozesuak ere urrats esanguratsuak eman ditu denbora guzti honetan.

Aurreko hilabeteetan, talde motore bat osatu eta lan egin da kulturaren esparruan esanguratsuak diren pertsona eta eragileekin. Orain, prozesu hori herritarren parte hartze zabalago baterako ireki da, eraikinaren funtzionamendua eta kudeaketa modua zehazteko.

Orain arte, kultur eragileekin elkarlanean aritu da Udala, eta prozesuaren helburua ez da espazio finko eta itxi bat definitzea, baizik eta aldakorra eta egokigarria izango den erabilera eredua garatzea. Arrizuriagako espazio berri honekin, Udalak erraminta berri bat jarriko du kultur eragileen esku, eta haiek izango dute erabakitzeko ahalmena. Horrek antolaketa kolektiboa eskatuko du elkarteen artean, eta Udalak baliabideak eta bideak eskainiko ditu prozesua sostengatzeko.

Irekiera bitartean, kudeaketa ereduaren inguruko azken erabakiak hartuko dira, funtzionamendua finduko da eta programaketa bat aurkeztuko da. Horrez gain, hainbat ekintza piloto jarriko dira martxan, jauregiaren funtzionamendua eta erabilera modu praktikoan probatzeko. Taldea urrian bilduko da laugarren saioa egiteko, eta fase honetan taldeei eta herritarrei parte hartzeko deialdia egingo zaie berriro ere.

Ainhoa Lete eta Maite Usabiaga zinegotzien hitzetan, “eraikin honek bergararrontzat bi proiektu erakargarri eta interesgarri jarriko ditu eskura. Orain artean lanean aritzeko modu bertikalak izan ditugu esparru hauetan, baina orain kudeaketa horizontalago bat ezarri nahi dugu, herriko elkarte, eragile eta norbanakook erabakimena izateko. Etorkizuneko Bergara herritarron arteko zaintzan oinarritu nahi badugu, garrantzitsua da horrelako espazioak bergararron eskuetan jartzea”.