webmaster-k Az, 2025-09-17 08:58-n bidalia
Bergarako Udaletxeko pleno aretoan, Bergarako lehen hezkuntzako ikastetxeek, herriko kirol elkarteek eta Bergarako Udalak Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu dute, udalerriko haur eta nerabeen garapen integrala eta osasuntsua sustatzeko helburu argiarekin.
Itun honen bidez, sinatzaileek konpromisoa hartu dute jarduera fisiko eta kirol hezigarri, osasungarri eta berdinzale bat garatzeko, haurren interes gorena erdigunean jarriz. Bergaran azken urteetan garatu den Multikirol eredua indartzen jarraitzeko borondatea adierazi dute.
Itunak honako puntu nagusiak jasotzen ditu:
• Multikirol programaren babesa: 6–12 urte bitarteko haurrek kirol anitz ezagutzeko eta esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukera izango dute.
• Herriko kirol elkarteen inplikazioa: Kirol Eskolatan parte hartzen duten haurrek Multikirolean parte hartzea lehenetsiko da, herri interes orokorraren alde eginez.
• Udalaren babes instituzionala: Itunak Bergarako Udalean dauden alderdi guztien babesa du.
Ituna Bergarako kirol politikaren oinarri izango da hurrengo lau urteetan, eta urtez urte automatikoki luzatuko da, bestelako akordiorik hartzen ez bada.
Bergarako Udalak adierazi duenez, “kirola ez da helburua, baizik eta haurren interes gorena sustatzeko baliabidea”. Horregatik, hastapen kirol politika ez da soilik kirol eragileekin eraikiko, baizik eta udaleko beste sail eta herriko bestelako eragileekin elkarlanean gauzatuko da.
Gorka Artola alkatearen hitzetan, “ggogoratu behar dugu, kirol politika ez dela soilik kirol teknikoa. Gizarte zerbitzuak, Berdintasuna, Euskara, Hezkuntza… arlo guztiek dute zer esana eta zer egina. Horregatik, itun hau ez da kirol zerbitzuaren dokumentu bat bakarrik, baizik eta herriko politika publikoen arteko elkarlanerako tresna”.
Sinatze ekitaldian parte hartu dute Bergarako Eskola Kirola kontseiluko ordezkariek eta herriko kirol elkarteek, eta bertan adierazi dute lanean jarraituko dutela haurren ongizatea eta garapen integrala bermatzeko, kirola baliabide hezigarri gisa ulertuta.