webmaster-k Al, 2025-05-19 11:44-n bidalia
Bergarako Udalak datorren maiatzaren 29an, asteartea, Adineko Pertsonen Kontseilua ospatuko du Udaletxeko pleno aretoan, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara. Ekitaldi hau udalerriko adinekoen partaidetza sustatzeko espazio garrantzitsua da.
Kontseiluaren bileran hainbat gai landuko dira, besteak beste, Belaunaldien arteko egunaren memoria eta Bakardade eta Bizikidetza alternatiba lantaldeen lana aurkeztea. Halaber, urriaren 1ean ospatuko den Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna izango dira mahai gainean.
Adineko Pertsonen Kontseiluak, bere ibilbidean zehar, hainbat ekimen sustatu ditu Bergaran, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Besteak beste, bakardadea arintzeko programak eta etxebizitza egokitzapenerako aholkuak eskaini dira. Horrez gain, informazioaren transmisioa hobetzeko boletin baten beharra identifikatu da, eta belaunaldien arteko harremanak sendotzeko ekintza bateratuak antolatu dira.
Kontseiluaren baitan, bi lantalde sortu dira, bi erronka nagusi lantzeko: Bakardadea eta Bizikidetza Alternatibak.
Bakardadearen aurkako sentsibilizazioa
Bakardadea lantzeko taldea sentsibilizazioaren beharraren inguruan arituko da, adineko askok jasaten duten isolamendu sozialaren aurrean herritarrak kontzientziatzeko. Taldeak kontseiluan ateratako ideia hauek jorratuko izan ditu:
● Etxebizitzen irisgarritasuna hobetzeko beharra, adinekoek kalera irten eta harremanak izateko aukera izan dezaten.
● Bakardadeari buruzko gizarte-sentsibilizazioa sustatzea, gaia sozializatuz eta ikusgarritasuna emanez.
Bizikidetza alternatiben bilaketa
Bigarren lantaldeak, Bizikidetza Alternatibak, adinekoentzako bizi eredu berriak aztertzea du helburu. Hiru ardatz nagusitan lan egingo dute:
● Egoitza eredu berriak aztertzea, auzoetan banatutako zentro txikiagoak sustatuz.
● Egoitzara joan aurreko alternatibak aztertzea, norberaren etxean segurtasunez eta autonomiaz bizitzeko aukerak sustatuz.
● Etxean bizitzeko zerbitzu osagarriak bilatzea, adinekoek etxean bizitzen jarraitzeko baliabide egokiak izan ditzaten.
Informazio gehiago nahi izanez gero, pmartinez@mlagundia.org. helbide elektronikora idatzi beharko da.