Bergarako Udala-k Al, 2024-11-04 12:05-n bidalia
Aroztegi aretoaren 2025. urterako erabilera eta programazioa arautuko duen baldintza-agiria aurkeztu du Bergarako Udalak. Ekimen honen bidez, artistei beren lana erakusteko aukera eman nahi zaie, arte erakusketari eskainitako espazio batean, eta, horrela, komunitatean sormena eta adierazpen artistikoa sustatuko dira.
Beren lanak Aroztegi aretoan erakutsi nahi dituzten artistek Bergarako Udal Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste bitarteko batzuen bidez. Eskaerak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 22ko 13:00etan amaituko da.
Eskaerak aintzat hartzeko, udalak prestatutako ereduari jarraituz egin beharko du eskaera artistak. Gainera, beren ibilbide artistikoa zehazten duen dosier bat, erakutsi nahi dituzten obren argazkiak eta horien behin-behineko zerrenda bat ere jaso beharko dituzte.
Garrantzitsua da azpimarratzea eskaera aurkezteak ez duela bermatzen erakusketa-eskaintza hori urteko programaziorako onartua izango denik. izan ere, jasotako proposamenak ebaluatuko dituen batzorde misto batek egingo du azken hautaketa.
Baldintza-agiriak ezartzen du, halaber, aurreikusitakoez bestelako ekintzak egin behar badira, batzorde mistoak izango duela eskaera horiek ebazteko eskumena, baina Alkatetzak berretsi beharko ditu. Era berean, jakinarazten da 2025ean aretoa ezinbesteko arrazoiengatik itxiko balitz, gauzatu ezin diren programatutako erakusketek lehentasuna izango dutela hurrengo urteko programazioan.
Informazio gehiago: https://uzt.gipuzkoa.eus/WAS/AYTO/USCServicioCiudadanoVer15WEB/home.do?D...