Aitor Cengotitabengoa Iraegik (Bergara, 1994) sortutako ‘Harri orri ar’ izena duen irudiak iragarriko ditu Bergarako 2023. urteko Pentekoste jaiak. Aurten maiatzaren 26tik 30era bitarte egingo dira jaiak.

3 lan aurkeztu dira aurten lehiaketara. Horietatik bat bozketatik kanpo utzi zuen epai-mahaiak kartel lehiaketako oinarrietan jasotako 5.artikulua betetzen ez zuelako. Artikulu horrek esaten du azalak ondorengo testua eraman beharko duela  nahitaez: PENTEKOSTE JAIAK 2023 BERGARA. Lan horretan ez da herriaren izena aipatzen.

Jaiak iragarriko dituen irudia hautatzeko prozedura herritarrek webgunearen bitartez ematen dituzten botoek eta epai-mahaiak emandakoak osatzen dute. Aurten 191 herritarrek eman dute bozka webgunearen bitartez.

Epai-mahaia, lehiaketaren oinarrietan jasotzen den moduan, honakoek osatu dute: Udaleko berdintasun, prebentzio, komunikazio eta kultura sailetako ordezkari banak, jai batzordeko ordezkari batek, eta BEARTeko bi kidek..

Epai-mahaikideek nabarmendu dute jaietako pertsonaia nagusia, Bitorianatxo, zentroan jarri izana, emakumea erdigunean jartzearekin lotuz. Irudiaren argitasuna eta duen presentzia ozena izan da beste argudioetako bat. Proposamen ausarta eta desberdina izan dela ere aipatu du. Konposizioari dagokionez, eta aurretik aipatutakoei lotuta, ausardia aipatu dute.

Zentrutik ertzetara modu erradialean eraikitzen diren, aurpegia eta bere xerloak, eguzkiaren inbokazioa dirudite. Sinbologikoki solstizioa aipatu nahia iradokitzen duela.

Pozik hartu du Aitor Cengotitabengoak lehiaketa irabazi izanaren jakinarazpena. Egin duen lanean iraoki nahi izan duena galdetuta, hau esan du: “Aurtengo kartela ez da beharbada historiako alaiena edo festibaleroena, baina mezu garbi batekin blaitu nahi nituen kartela eta Pentekoste jaiak, antolaketa argi bat eta begirada sakon bat erabiliz”.

“Aurtengo kartelak Bitorianatxo dakar erdigunera, ez panpin bat, ez objektu bat, emakume indartsu eta borrokalari bat baizik. Honek, eguzkiak eguna eta argia dakarren bezala, jaiegun aske eta zoriontsuak ekarriko dizkigu, baina kontuz gero, hau zapuzten saiatuko den edonor harri bilakatuko baitu bere begiradak”.

“Jaiaren izpi eta sugeak Bergarako bazter guztietara heldu daitezela! Gora Pentekoste herrikoi, aske eta feminista!”.

 

Arloa: