Bergarako Udala-k Ar, 2023-03-28 13:32-n bidalia
Martxoaren 27an egin duen ohiko osoko bilkuran aho batez onartu du udalbatzak Zaintzen krisiari aurre egiteko 2023-2026 epealdirako Bergarako ekintza-plana. Ainhoa Lete Zabaleta alkate ordeak azaldu du “herritar guztiak ukitzen gaituen zaintzaren gaia lantzen hasteko abiapuntua da plana, xumeki herri bezala erantzun bat emateko lehen urratsa”.
2020an zaintzaren errealitatea ezagutzeko diagnostikoa egin zen, eta 2022an erabaki zen plan bat egin behar zela. Emakunderi diru-laguntza eskatu zitzaion eta Farapi Koop. Elkartea kontratatu du Udalak plana osatzeko. 2022. urteko maiatzean abiatu zuen lanketa barne mailan Udalak, eta uztailean hasi zituen lan-saioak arlo horretan dabiltzan eragile eta pertsonekin, eta modu batez edo bestez gaiak zuzenean eragiten dienekin.
Letek azaldu du “zaintzaren inguruan, denok, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, intentsitate gehiagorekin edo gutxiagoarekin, daukagu zaintzaren beharra, pandemiak erakutsi zuen bezala. Eta guztiok dugu zaintzeko gaitasuna. Erpin asko ditu gaiak eta asko dugu aldatzeko eta hobetzeko. Familiarengan dago ardura, eta bereziki emakumeengan. Merkantilizatu ere egin da emakumea modu masiboan lan munduan sartu denean”. Are gehiago, “emakume arrazializatuaren aurpegia daukala” ere esan du, eta 'Funtsezkoak' herri-ekimenarekin lotu du gaia. Horiek horrela, egoera aldatzen hasteko beharra ikusi duela Udalak esan du.
Bilkuraren bi momentutan izan dute hizketagai Espainiako estatuan migratzaileak ezohiko bidez erregularizatzeko 'Funtsezkoak' izeneko legegintzako herri-ekimena. Batetik, herritar batek herri-ekimen horri lotutako mozioa (mozioproposamena.pdf) aurkeztu du, eta EH Bilduren (9 boto) aldeko botoekin onartu da. EAJ-PNV (7 boto) abstenitu egin da eta PSE-EEk kontra bozkatu du.
Gai horri lotuta, EAJ-PNVk joan den astean Gasteizko Legebiltzarrean onartutako testua (regularizacion_ya_kanpainaren_aurrean_mozioa_1.pdf) aurkeztu du, eta hori ere onartu da. EH Bilduk eta EAJ-PNVk alde bozkatu dute eta PSE-EEk kontra.
Beste gai batzuk ere landu dira osoko bilkuran, tartean, Adikzioen prebentziorako Bergarako V. tokiko plana, eta aho batez onartu da. Askotariko dinamiken bitartez diagnostikoa egin da eta aurrera begirako ekintza zehatzak zehaztu.
Zaintza planaren proposamena landuko du Bergarako udalbatzak hurrengo ohiko osoko bilkuran albistea (2023-03-23)