Komuna barne duen markesina berri eta modernoa instalatuko da Elorregiko geltokian, bizikletentzako aparkalekua ere egokituko da eta argi-instalazio hobetuko da, inguruneari segurtasun handiagoa emanez. Hori egiteko hitzarmena sinatu dute Oñatiko udaletxean GFAk eta Bergara, Oñatiko eta Arrasateko udalek.

Elorregi bada Debagoiena lotzen duen gune bat, bailara eta bailaraz kanpo makina bat jende pasatzen den tokia. “Oraingoan eragiten den eremua Bergarako lurretatik kanpo egonda ere, erakunde publiko bezala, badagokigu herritarrei ahalik eta zerbitzurik onenak bermatzea eta Elorregiren elkargune natural horregatik, gure ahalmenetik erantzun diogu herritarren eskaera honi”, esan du Bergarako Alkate Gorka Artolak.

Erakundeen arteko elkarlana ez dela beti erraza izaten ere esan du Bergarako Alkateak, “eta oraingoan ere izan ditu bere korapiloak, baina seguru nago eremu honetan ez dela elkarlanean aurrera eramango den azken proiektua izango, eremuaren izaerari begira eta guztiontzat ezagun diren beharrak izanda aurrera begira gaurkoa lehen pausoa izatea espero dut eta”.

Artolaren ustez, “erantzukizunez jokatu dugu, konpromisoak hartuz eta betez. Erakundeen artean aritu gara elkarlanean, eta ildo horretan eskerrak eman nahi dizkiot bereziki Oñatiko Udalari, bere gain hartu baitu honen kudeaketaren zatirik handiena”.

Lanek, 222.000 euroko aurrekontua dute eta lau erakundeen artean finantzatuko dira: mugikortasuneko foru kutxak % 60a hartuko du bere gain (133.223,77 euro) eta gainerako % 40a (92.673,07 euro) Bergara, Oñati eta Arrasateko udalen artean banatuko da. Dagoeneko prest dagoen proiektua exekutatzeko 12 asteko epea finkatu da.

Markesina berriak 56 m2-ko azalera hartuko du, eta espaloia zabalduko da gutxienez, bi metroko zabalera izan dezan. Komuna instalazioa izan da proiektuaren erronka nagusietakoat, ur-hornidurarako zailtasunak tarteko. Horregatik, behin-behineko komun kimiko bat jarriko da, eta etorkizunean komun-zerbitzu autogarbigarria jartzea aurreikusten denez, horretarako azpiegitura prest utziko da.

Bizikletentzako aparkalekuak eta markesinak argiztapen berezia izango dute eta informazio-pantaila ere jarriko da autobusen ordutegiak eta ibilgailuen unean uneko kokapena azaltzeko. Erabiltzaileei zerbitzu hobea emango dieten beste hobekuntza batzuk instalatuko dira.

Albiste osoa gipuzkoa.eus webgunean.

 

*Argazkia: Berbia Oñati.