Bergarako Udala-k Or, 2023-03-17 14:37-n bidalia
Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria banatu zen bart, hirugarren urtez, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian. Bertsoaren munduko, herrigintzako, kultura arloko, euskalgintzako eta beste hainbat kolektiboetako ordezkari eta herritar, Amurizaren senitarteko eta lagunekin batera izan ziren ekitaldian.
2021eko martxoaren 9an Telesforo Monzon hil zenaren 40. urteurrenaren testuinguruan sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria. Eta Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu.
Xabier Amuriza izan da aurtengo sariduna, eta pozez eta hunkituta jaso zuen aitortza. Poza izan zuen hitz nagusi saria eskertzeko egin zituen lehen hitzetan. “Bergarako alkateak berria eman zidanean halako poz olatu bat sentitu nuen, uhin bat barrutik, oraindik ere sentitzen dudana”. Bergararekin izan duen loturaz ere hitz egin zuen. Hala nola, kontatu zuen Telesforo Monzon eta Josefa Ganuza nola ezagutu zituen, edota Bergarako frontoian zein hainbat auzotan bertsotan aritu izan dela.
Sari banaketan, Gorka Artola Bergarako alkatea honela zuzendu zitzaion Amurizari: “Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta kulturari bizitza osoan egindako ekarpena da zurea, eta hori aitortu nahi dizugu sari honekin. Pentsatzen jarrita, ez da bakarrik gauza asko egin izana, baizik eta askotarikoak, ertz ezberdinekoak. Poliedro baten antzera.” Alkateak bertsotarako bota zion erronkari gogotsu heldu zion, eta kopla sorta eskaini zien bertaratutakoei.
Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola Amurizak izan duen konpromiso politikoaz aritu zen. “Urte luzez, zure hitz, bertso eta kantak egoera politikoaren kronika izan dira. Beti egon zara prosarako eta lirikarako prest. Euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren alde zure hitza eta jarduna eskaintzeko prest. Funtsean, gure herriarekiko konpromisoa etengabe agertzeko prest... ez zenuen inoiz fedea galdu”, esan zion.
Oparoa da bere ibilbidea eta horren errepasoa hainbat parte-hartzeekin osatu zen ekitaldian zehar. Esaterako, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusi irabazi zuen Amurizak 1980an eta 1982an, eta horri keinu eginez, gaur egungo txapeldun Maialen Lujanbiok kantatu zuen ekitaldian. Bertso Eskoletan iraultza ere ekarri zuen Amurizak, eta hori gogorarazteko Bergarako Kopla Barik bertso eskolako Unai Arantzabal, Enaitz Alustiza eta Gari Lopez de Muniainek kopla batzuk abestu zituzten. Eskertuta eta hunkituta jaso zituen horiek, baita Korrontziko Agus Barandiaran ere. Azken urteotan emanaldiak egin dituzte elkarrekin.
Bere kultur jarioa amai ezina da. Hainbat eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu eta bereak dira euskal kantugintzako hainbat abesti eta kopla ezagun, hala nola, 'Mendian gora haritza', 'Furra furra', edo 'Euskal Herrian Euskaraz'. Azken hori abestuz amaitu zen ekitaldia.
Euskal kulturari egindako ekarpenaz gain nabarmena da urte latzetan herri honekiko azaldutako konpromisoa. Gogor apaizen mugimenduaren bultzatzaile izan zen frankismoan.
Saria Iker Serranoren 'Haitz_erroa' artelana
Sari honek txanponak bezala bi alde ditu: saria jasotzen dutenena eta sariaren egilearena. Izan ere, euskal artista berriak sustatzeko ere baliatu nahi da sari hau. Urtero artista berri batek izango baitu saria diseinatzeko edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuz, eta belaunaldien arteko zubi lana eraikiz.
Xabier Amurizak ‘Haitz-erroa’ artelana jaso zuen sari gisa. EHUko Arte Ederretan doktore eta bertan irakasle laguntzaile den Iker Serrano Robles iruindarrak egindakoa.
Euskarak mendeetan zehar irautea harriaren gogortasunarekin lotu nahi izan du Iker Serrano Robles sortzaileak. Haitz hitzaren erroa zein doinua aipatzen ditu euskararen jatorriari erreferentzia egiteko. Bere pinturarekin haitza, aizkora, eta horien zorroztasuna eta antzinatasuna lotzen ditu. Iragana, oraina eta etorkizuna iradokitzen ditu espazioan kokatu dituen hamar harri zorrotzekin.