Zubieta eta Masterreka lanak urbanizatzeko-lanen hirugarren fasea urtarrilaren 9an hasiko da. Lehen bi fasetan Zubieta kalea urbanizatu ondoren, hirugarren honetan Masterreka kalea eta Bideberriko bidegurutzea urbanizatuko dira. Lanek sei hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi da. Herritarrei azaroaren 14an egindako bilera irekian eman zitzaien informazioa, eta lanek eragingo duten kaleetako bizilagunei, zein bestelako erabiltzaileei informazioa helarazi die Udalak egunotan.

Lanak egin ahal izateko ibilgailuentzat Masterreka kalea itxita egongo da. Halaber, kalea mozten den momentutik hasita eta lanak amaitu arte, bertatik desbideratutako trafikoa hartuko duten kaleetan espazio publikoaren erabilera egiten duten ostalaritzako terrazetan ere eragina izango du (gune horiek kudeatzen dituztenei jakinaraziko zaizkie ordutegiak...).

Obra hasi aurretik, dagoeneko moldaketa batzuk egin dira bertan. Esaterako, beira hondakinen edukiontzien kokagunea aldatu egin da, eta Herri-busaren geldiunearen kokagunea Zubieta 6an dagoen zebrabide albora aldera mugitu da.

Obrak irauten duen bitartean, oinezkoak alboetatik bideratuko dira, eta horien joan-etorriak egokitzen joango dira lanak aurreratzen joan ahala. Garajeetara sarbideak ahalik eta denbora gehienean bermatuko dira; lanak egiteko sarbidea eten beharko denean, aurretik jakinaraziko zaie erabiltzaileei.

Lanak hasten diren egunetik hasita, urtarrilak 9, Masterreka kalean ezingo da ibilgailurik sartu eta Bolua eta Elosurako trafikoa birbideratu egingo da. Trafiko arina (18 tonatik beherakoa) Multzo Monumentaleko kaleetatik bideratuko da:Sarrera Espoloia-Bidekurutzeta- San Pedro- Artekale kaleetatik egin beharko da, eta irteera Barrenkalea-Irizar-Kruz Gailastegitik.18 tonatik gorako ibilgailuak ezingo dira aipatutako Multzo Monumentaleko kaleetatik ibili baimen berezirik ezean.

Lan egunetan San Martin plazarako sarrera bermatuko da eta irteera Komenio kaletik Artekalera hartuz, eta Barrenkale-Irizar-Kruz Gailastegi ibilbide berberari jarraituz egin beharko da.

Modu honetan Bidekurutzeta kalean trafikoak norabide bakarra izango du (Bolua-Elosua aldera joateko), baimendutako ibilgailu astunek izan ezik, azken hauek San Martin Agirre plazatik eta Bidekurutzetatik bideratu beharko dira eta. Baimendutako ibilgailuak eskolako autobusa eta/edo kamio bereziren bat izango dira.

Zubieta kaleko obrak iraun duen bitartean egin den bezala, Masterrekan ere hurrengo neurri orokorrak hartu dira:

  • Bideberri kalean Masterreka kaleko bizilagunen erabilerarako karga-deskarga eremu bat jarriko da.

  • Emergentziako zerbitzuak abisatu egingo dira eta sarbidea bermatuko zaie. Eta norbanakoren batek anbulantzia zerbitzua modu jarraian erabiltzen badu, udalari jakinarazita sarrera bermatuko zaio.

  • Fatxadaren altxaera egingo du Udalak, alde zaharra izanik sor litezkeen obren eraginak neurtuta izateko.

  • Lanak aste barruan eta ordutegi zehatzetan egitea aurreikusten da; astebururen batean edo gauez emergentziaren batengatik lana egin beharra badago, herritarrei jakinaraziko zaie. Zarata legezko mugetan egon dadin jarraipena ere egingo da.

  • Udalak maiztasunez emango du obren inguruko informazioa: ohar bidez, bilera bidez.

  • Iradokizunak, kexak edo oharrak Udaletxeko Bulego Teknikora bideratu ahal izango dira, ohiko kanalen bidez edo 943 779 138 telefono zenbakian. Edozein zalantza izanez gero, Kontratistak ere bulegoa du Masterreka 16an.

Norabideen planoa

Bidegurutzeak

 

Arloa: