FCC proiektuko partaideek elkarte bat eratu zuten torlojugintza inguruan aritzen diren enpresen arteko lankidetza-proiektuak garatzeko asmoarekin. Elkartearen helburua da torlojugintzari buruzko erreferentzia-zentro espezializatu bat gauzatzea, torlojuek duten aplikagarritasuna eta horien merkatua lantzeko. Proiektua Bergaran kokatuta dago, eta sektorean espezializatutako enpresek osatzen dute.

Bergarako Udalak proiektu honetan hasieratik hartu du parte, zuzendaritza-komiteko parte aktiboa izanik.

FCC-FEX elkarteak 15 enpresa ditu elkartuta, eta, besteak beste, honako ekimen hauek garatzen ari da:
• Hitzaldi teknikoak, prestakuntzakoak.
• Hainbat sektoretan torlojuak dituzten lotuneak erabiltzen dituzten enpresekin harreman eta lankidetza-proiektuak.
• Hotzeko forjaketari balioa ematea.
• Komunikazio digitala.
• Ekitaldi, jardunaldi, kongresu eta azoketan parte hartzea.

Hitzarmenean jasotzen da, besteak beste, elkarteak teknologiari, negozioari eta merkatuari buruzko batasunen esparrua ikertzeko azterlanak egin edo aginduko dituela. Halaber, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatuko du, proiektu globalei ekiteko beharrezkoak izan daitezkeen enpresa-batasun edo -elkarteak bultzatuko ditu, eta proposatutako helburuak hobeto lortzeko beharrezkoak diren lantaldeak eta batzorde sustatzaileak eratuko ditu.

Hitzarmenarekin FCC elkarteak bere proiektua garatzen jarraituko du. Bergarako Udalaren 25.000 euroko diru-laguntza jasotzeko epea hamabi hilabetekoa izango da, 2022ko irailetik 2023ko irailaren 30era bitartean.