Agorrosin futbol zelaiko belarra kendu eta soropil artifiziala jarrita dago dagoeneko. Horrekin batera, instalazio elektrikoan eta zelaiaren inguruan egin behar diren lanak, ordea, amaitzeke daude.

Behin behinean ireki ahal izateko beharrezkoak diren lanak datorren astean bukatzea da aurreikuspena bestelako okerrik sortzen ez bada.

Ingurua txukuntzeko lanak, pista perimetrala asfaltatzea, eta azken ukituak datozen asteetan egingo dira, eta beti ere eguraldiak horretarako aukera ematen badu, abenduaren erdialdean Agorrosin berrituan obrak amaituta egongo direla aurreikusi da.

Une honetan, hortaz, eta lanak bukatu gabe egonda -azken egunotan bertara egindako bisitetan horrela ziurtatu ahal izan da-, dagoen egoeran, ez dira erabilera publikoa emateko beharrezko baldintzak bermatzen, obra gune bat den heinean.

Obretan, eta bereziki handietan, ohikoa da atzerapenak gertatzea. Hori horrela, eta horrela izan zedin Udalak bere esku zegoen guztia eginda ere, asteburu honetan ez da partidarik jokatuko Agorrosinen.