Bueltan da Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketa. Bosgarren aldia izango da oraingoa. Bergarako Seminarixoa aretoan egingo da. Bost kontzertu izango dira, urritik abendura, eta finala, urtarrilean. Debagoieneko musika taldeek hartu ahal izango dute parte. Izen ematea zabalik da. Goiena Komunikazio Taldeak antolatuko du, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

Gaur, uztailak 20, aurkeztu da Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketa, Bergarako Seminarixoa aretoan. 12 urteko etenaren ostean, berriro antolatuko dute. Bergarako Udala izango du bidelagun Goiena Komunikazio Taldeak.

Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinak Bergaran kulturak duen garrantzia nabarmendu du, halaber, proposamen berriak egitearen alde hitz egin du. "Oso errotuta ditugu herrian musikari lotutako proposamen klasikoak, eta aberasgarria iruditzen zaigu beste batzuei ere lekua egitea. Kulturak herria aberasten du, eta guk Bergara aberats nahi dugu."

Herritarren Batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik, berriz, udal baliabideak herritarren eskura jartzeaz aritu da. "Kasu honetan, bailarako talde berriei emango zaie plaza, batetik, eta bestetik, herritarrek musika horrekin gozatzeko aukera izango dute. Modu horretan, gazteak ere ekarriko ditugu Seminarixora, eta dagoeneko kulturaren hedapenean daukan erreferentzia beste esparru batzuetara ere zabalduko da".

20 talde

Debagoieneko hogei taldek hartu ahalko dute parte lehiaketan. Hemeretzi talde Danbakako epaimahaiak aukeratuko ditu; azkena, publikoak, haien botoen bidez. Zuzeneko emanaldietan erakutsi beharko dituzte musikariek dohainak. Hala, bost kontzertu antolatuko dira, urriaren 14tik abenduaren 16ra, ostiralez, 22:00etan hasita, Bergarako Seminarixoan. Edozein eratako musika estiloak onartuko dira. Sari nagusia izango da diskoa grabatzea. Publikoaren Saria ere egongo da: abesti baten bideoklipa.

Izen ematea zabalik dago. Irailaren 18ra arte eman ahalko dute izena Debagoieneko musikariek. Edozein estilotako bakarlariak eta taldeak onartuko dira. Baldintza izango da parte-hartzaileetako bat –gutxienez– Debagoienean erroldatuta egotea.

Izena emateko modua izango da www.danbaka.eus webgunearen bitartez. 

Bosgarren edizioa

Bergarako Seminarixoa aretoan aurkeztu dute lehiaketa. Kristina Markina eta Ekaitz Aranberri Bergarako Udal Gobernuko zinegotziak eta Monika Belastegi eta Jokin Bereziartua Goiena Komunikazio Taldeko ordezkariak izan dira bertan. 

Lehiaketa berriro antolatzeko arrazoiak azaldu dituzte, lehenbizi; ostean, helburuak, oinarriak, sariak, parte hartzeko moduak, kontzertuak… 

Bost kontzertu: urritik abendura

Bost kontzertu antolatuko dira lehiaketan zehar eta talde edo bakarlari bakoitzak 30 minutuko saioa egin beharko du zuzenean, Seminarixoko agertokian. Honako hauek izango dira kontzertu egunak: urriak 14, urriak 28, azaroak 11, azaroak 25 eta abenduak 16. Bost kontzertu horietatik hiru onenak aukeratuko ditu epaimahaiak eta finala jokatuko dute 2023ko urtarrilaren 13an. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira. Sarrerak 5 eurotan salduko dira –Goienakide direnendako, 3 euro–.

Bi sari banatuko dira. Lehen Saria: disko bat grabatzea. Publikoaren Saria: Bideoklipa. 

Jarraipen zabala

Goiena Komunikazio Taldeak jarraipen uneoroko eta zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari. Euskarri guztietan: Goiena.eus, Goiena telebista, Goiena aldizkaria, Puntua aldizkaria eta Arrasate Irratia. Baita sare sozialen bidez ere. Kontzertu guztiak, oso-osorik, grabatuko dira eta ostean emango dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Era berean, lehiaketak kontu propioa izango du Instagramen: danbaka. Baita webgunea ere: www.danbaka.eus

Izen ematea: ‘Danbaka.eus’

www.danbaka.eus ebgunean egongo da lehiaketari buruzko informazio osoa. Hain justu ere, izen ematea webgunearen bidez egin beharko da. Izena ematerakoan, parte-hartzaileek honako hau eman beharko dute: taldearen edo bakarlariaren izena eta informazioa –noiz sortutakoa den, kideen izen-abizenak, estiloa, ibilbidea…–, argazkia eta hiru abestiren audio digitala. Parte-hartzea doakoa izango da. 

Behin lehiaketan parte hartuko duten hogei taldeak aukeratuta, egutegia zehaztuko dute eta parte hartzaile bakoitzak 30 minutuko emanaldia egingo du zuzenean. Gutxienez, hiru abestik euskaraz izan beharko dute. Eta epaimahaiak baloratu egingo du euskaraz abestea. 

Seminarixoa aretoa izango da kontzertuen tokia. Horretarako, harmailak kendu egingo dituzte. Bestalde, areto kanpoaldean gune berezia sortuko da, jan-edatekoekin eta musikarekin –DJak izango dira–, emanalditik emanaldirako atsedenaldiak girotzeko.

*Argazkia: Xabi Urzelai, Goiena.

 

Arloa: