Bergarako Udala-k Ar, 2022-07-05 13:26-n bidalia
Zubieta eta Masterreka kaleak birgaitzeko lanak hasi eta bost hilabete pasatxo ondoren, lanen bigarren fasea hasi da dagoeneko. Lehen bi faseak Zubieta kalean egingo dira, eta hirugarrena Masterrekan.
2021. urte amaieran eremua prestatu ondoren, urtarrilaren 17an hasi ziren makinak lanean Zubieta kalean. Orain arte ez da ezustekorik sortu eta aurreikusitakoaren arabera gauzatzen ari da lanak Construcciones Zubieder SL enpresa.
Dagoeneko ikus daiteke aldaketa, espaloiak lehengoak baino zabalagoak dira, eta Zubieta kaleko 6. zenbakitik 22.era arteko gunea asfaltatu berri da (lehen fasean aurreikusita zegoen zati txiki bat bigarren fasearekin batera egitea erabaki da, bata bestearekin uztartuz). Orain arteko lanen emaitza ikustera, eta obrako arduradunekin egotera joan da udal ordezkaritza bat, Gorka Artola alkatea buru.
Errepidea itxita egon da, eta hala jarraituko du, Zubieta kaleko 36. zenbakiaren parean (zubira pasatzeko zebrabidean). Oinezkoentzat uneoro egon da bidea zabalik, aurretik esan zen moduan. Lanak errepidean hasi ziren, eta oinezkoek albo bietako espaloiak erabili ahal izan dituzte. Atarietara heltzeko pasabideak daude. Bestetik, espaloietako lanak banaka egin dira, beraz, txandaka albo bat edo bestea egon da oinezkoentzat erabilgarri, eta hala izango da hurrengo fasean ere.
Kalea itxita egonda ere, dagoeneko asfaltatuta dagoen zatiko bizilagunek (Zubieta 6-22) autoan karga-deskarga puntualetarako sartu-irteera, eta garaje erabilera duten lokaletara sarbidea ere baimenduta dute uztailaren 1az geroztik. Hala ere, ezingo da aipatutako gunean autorik aparkatu.
18 hilabeteko lana izango dela dago aurreikusita. Obra garrantzitsua da hau herriarentzat, “lehen aldiz urte bat baino gehiagoko aurrekontua baldintzatuko du proiektuak. Hiru urterako aurrekontua konprometituko du, guztira 2.350.000 euro inguru”, Gorka Artola alkateak lanak hasi aurretik esan zuenez. Udalarentzat aspaldiko inbertsiorik handiena izango da hau.