Construcciones Artzamendi, S.A. enpresak egingo ditu Bergarako Agorrosingo futbol zelaia birmoldatzeko lanak. Uztailaren 4an hasi, eta urriaren amaieran bukatzea aurreikusten da (tartean abuztua dagoela aintzat hartuta epea luza daiteke). Lanen adjudikazio kopurua 1.055.833 (BEZ barne) eurokoa da.

BKE eta Bergarako Udalaren artean esku-aldatzea egin ondoren, Udalak du orain zelaia jabetzan. Lanak hasi aurretik bertan egon dira Gorka Artola alkatea, Aitor Aranzabal kiroletako zinegotzia eta Josu Elorza BKEko presidentea.

Fase honetan belar artifizialeko jokaleku bat egingo da, zelaiaren kokapena partzelaren ipar-mendebaldera mugituz, Jokalekuak 105 m-ko luzera eta 68 m-ko zabalera izango du, eta hegaletan 1,50 m-ko kanpo-hegalak izango ditu, eta hondoetan 2,50 m-koak. Perimetroko pistak 4,50 m-ko zabalera izango du, eta segurtasun-banda perimetral gisa jardungo du. Gaur egungo atletismoko pista aldatu egingo da, lauki zuzena izango den pista perimetrala izango du berriak.

Gerora erabil daitekeen kirol ekipamendu osoa kendu ondoren, eraitsi egingo dira eragindako baranda zatia, iparraldeko bloke-horma eta biltegia. Lurren mugimenduari ekingo zaio jarraian. Argiteriarako dorreak, ureztatze sistema… ezarriko dira. “Geomalla” bat ere jarriko da gainazaleko lanekin hasi aurretik.

Belar artifiziala zolatzea: ureztatze-sarea osatu ondoren eta lanen azken fase gisa, zangen gainean 15 cm-ko behin-behineko geruza bat zabalduko da eta futbol-zelaiko belar sintetikoa instalatuko da.

Argiztapena jarrita, ekipamendua jarriko da ondoren. Lanak amaitzeko, ateak eta banderatxoak jarriko dira, dagozkion zimenduak egin ondoren.