Bergarako Udala-k Al, 2022-04-04 16:28-n bidalia
Orain arte indarrean egon den Adikzioen Prebentziorako IV. Tokiko Planaren epe-muga betetzearekin batera, Plana berritzeko premia ikusi du Bergarako Udalak. Lanketa hau herriko talde eragile, agente sozial eta gaiarekiko interesa duten herritar guztiekin osatu eta martxan jarri nahi du, modu parte-hartzailean, alegia. Diagnostikoa egiteko modua eta jasoko dituen adikzio-motak izango ditu aurrekoarekiko berritasun Adikzioen Prebentziorako V. Tokiko Planak.
Udalerriko errealitatearen diagnostiko bat egitea; premiak identifikatu eta drogen eta bestelako adikzioen esku-hartzerako lehentasunak zehaztea; herritarrak menpekotasunen problematikaren aurrean sentsibilizatu eta heztea, eta herrian osasunaren sustapena bultzatzea dira helburuak.
Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak, adikzioen prebentziorako esparruan, 2023-2027 urteetan zehar martxan jarriko duen ekintzarik garrantzitsuenetarako da, datozen urteotan garatuko diren lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarriko direlako.
Planaren lehenengo pausoa, egungo egoeraren diagnosi integral bat egitea da, eta antzemandako beharrizanekin eta egungo Lege eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VII. Planaren ildoekin bat etorriz plangintza bat ezartzea.
Plan berri honek beste adikzio mota batzuk barne hartzeaz gain (bideo-jokoak, apustuak, sare sozialak…), gazte, familia, erakunde eta elkarteen parte hartzea ere sustatuko du. Bi atal horiek nabarmendu ditu behin-behineko alkate Ainhoa Letek. “Gaur egungo egoerara egokituko da, eta ondorioz errealitateari hobeto erantzuteko aukera emango digu, bergararron bizi-kalitatea hobetzea helburu. Bestetik, herritarren parte-hartzea sustatzea ere nabarmendu nahi nuke, horrela egiten ari da lan Udal Gobernu hau, eta uste dugu arlo honetan ere ezinbestekoa dela guztion inplikazioa, bakoitzak dagokion eremutik ekarpenak eginez, alegia”.
Diagnosi honek udalerrian drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin, zein hauei loturiko arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko du. Aste honetan bertan 12 eta 25 urte tarteko herriko ikastetxeetako ikasleei haien bizi-ohituren kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko inkesta pasatuko zaie.
Horrez gain, eta udaberriko oporren ostean, herritarrei zuzendutako inkesta egingo da. Horretarako baliabide desberdinak erabiliko dira: udal web orrialdea edota herriko hainbat lekutan (esatera, udal liburutegia, ikastetxeak, EPA…) jarriko diren esku-orriak.
Behin iturri bietako informazioak jasota, maiatza bukaeran, foro desberdinak antolatuko dira, jasotako ekarpenen inguruan hausnartzeko. Talde ezberdinetan banatutako foro hauetara udalerriko gizarte ordezkaritza zabala gonbidatuko da, herriko eragile, elkarte, udal langileak eta politikariak izango dira besteak beste. Helburua proiektu komun bat egitea da, denon artean osatutako plan bat eratzea eta herritarrek ere, proiektua beraiena dela sentiaraztea.
Azken fasean, etorkizunean, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira, ulertuta, adikzioen prebentzio komunitarioa Bergarako gizartea osatzen dugun eragile guztion lana dela.
Plana idazteko eta prozesu hori dinamizatzeko ardura Sasoia S.L. enpresak izango du, osasun hezkuntzan eta drogamenpekotasun eta bestelako adikzioen prebentzio arloan eskarmentu handia duen enpresa da.