Bergarako Udala-k Or, 2021-07-09 17:49-n bidalia
Uztailaren 6an aurkeztu du herritarren aurrean Zubieta eta Masterreka kaleetarako proiektu urbanistikoa Bergarako Udalak. Seminarixoan egindako bilera irekian, aurretik bi kaleetako auzokideek egindako ekarpenekin moldatutako proposamena aurkeztu da.
Egindako ekarpenen artean jaso da zoruak laua izan behar duela, autoen mugimenduak ahalik eta soinu gutxien eragin dezan.
Ekaineko osoko bilkuran Gorka Artola alkateak azaldu zuen moduan obra garrantzitsua da hau herriarentzat, “lehen aldiz urte bat baino gehiagoko aurrekontua baldintzatuko du proiektuak. Hiru urterako aurrekontua konprometituko du, guztira 2.350.000 euro inguru”. Udalarentzat aspaldiko inbertsiorik handiena izango da hau.
Proiektu honen exekuzioak baditu hainbat zailtasun, nagusienetarikoa mugikortasunari dagokionez trafikoan izango duen herri mailako eragina. Ibargarairekin batera, trafiko gehien jasotzen duten kaleak baitira. Kontuan hartuko da herritarrengan ahalik eta eragin kaltegarri txikiena izan dezan.
Teknikoki ere muga batzuk baditu proiektuak, besteak beste, kaleak oso estuak direlako. Gainera, ibilgailuendako bi norabidekoa izan behar da derrigor, Elosua eta Azkoitirekin lotzen dituen errepidea badelako, besteak beste. Hala ere, oinezkoei lehentasuna emango zaie, eta espaloiak metro eta erdiko zabalerakoak izatea bermatuko da ia ardatz osoan. Aitzitik, ezingo dira bermatu aparkatzeko gaur egun dauden leku guztiak.
2016. urtean Bergarako Zubieta eta Masterreka kaleetako proiektu urbanistikoak prestatu zituen Udalak. Zubietako proiektua BEB arkitektura bulegoak gauzatu zuen eta Masterrekakoa Zetabik.
2021. urtean udalak proiektuak hartu eta lanekin hasteko asmoa azaldu du. Bi proiektu desberdin izan beharrean, egoki ikusi da guztia ardatz bakar moduan hartzea, hori dela eta Zubieta eta Masterreka kaleetako urbanizazio proiektuak ardatz osoan lan eginda exekutatuko dira.
Behin aurrekontua onartuta lizitaziora irtengo da obraren exekuzioa eta aurreikuspen onenen arabera abenduan hasiko dira lanak. 18 hilabete beharko dira lanak amaitzeko, hortaz, 2023ko udarako amaitzea aurreikusi da.
Lanek luze joko dute, eta udalak konpromisoa hartu du bertako bizilagunak obraren mugimendu nagusien inguruan informatzeko dagokionean.