2020. urtean, Bergarako Udalak, turismo plan berria behar zela ikusi zuen, eta horrela egitea jaso zuen Gobernuak legealdirako planean. Aurkeztu ziren eskaintzen artean, Gasteizko Beinke enpresari esleitu zitzaion kontratua, eta otsailaren hasieran bost fasez osatutako plana idazten hasi zen.

2009an, Bergarako Udalak 'Bergarako ondare kulturalaren interpretazio eta dinamizazio plan' baten erredakzioa kontratatu zion Stoa enpresari. Ondare historiko eta kulturala, eta batez ere, hezkuntza ondarea eta ondare zientifikoaren balioak nabarmentzen zituen honek.

Proposamen horretan hainbat ekimen aurreikusten ziren eta denboraren poderioz horietako asko gauzatu dira. Halaber, ondorioztatu da kulturaren eta ondarearen gizarteratzean hobekuntza asko egin direla, baina turismoaren gaian beharrak ikusi dira. Batetik, urte dezente pasa direnez aldaketa asko gertatu da, baita turismoaren sektorean ere, eta bestetik, estrategia global bat beharko litzatekeela ikusi da.

Oraingo planaren helburua da Bergarako turismo eremuaren diagnostikoa egitea, beti turismo jasangarriaren ikuspegitik eta turismo plangintzaren abiapuntua ezarriko duena izatea.

Diagnostikoa abiapuntu hartuta, helburu eta ildo estrategikoak zehaztuko dira, eta baita adostutako helburuak lortzeko egin beharko den ekintza plana ere. Ekintza plan hori 2022-2025 urteetarako izango da.
Lehen bi faseetan udalerriaren turismo ibilbidea aztertu eta datuak bildu dira hainbat instituzioetatik eta estatistika iturrietatik.

Sektoreko eragileekin partekatuko den prozesua da hau, hotel, landetxe, jatetxe, turismo zerbitzu enpresak... Horretarako, Bergarako turismo arloko enpresen zerrenda identifikatu ondoren, galdetegia bidali zitzaien eta ondoren topaketa bat egin da haiekin, apirilaren amaieran. Topaketa honetan, AMIA aztertu dute elkarrekin.

Bileran ateratako emaitzak aztertu eta sailkatu ondoren, beste bi topaketa egingo dira. Lehena lan-taldearekin formulazio estrategiko, jarduera programen ardatzen zirriborroa lantzeko eta adosteko. Eta azkena 2022-2025 urteetarako ekintza-planaren zirriborroa lantzeko eta adosteko.

Plana aurkeztea izango da indarrean jarri aurretik egingo den azken urratsa. Aurreikuspena da udarako lana amaituta egotea.