Apirilaren 23an egingo zaie Bergarako Seminarixoan herriko 'Gerrako umeei' omenaldia. Felipe Zuñiga Sanchezek, ordea, ezin izango du ekitaldian parte hartu, Vianako (Nafarroa) erresidentzian bizi baita. Horregatik, atzo, apirilak 6,Intxorta 1937 elkarteko ordezkariek bertara eraman zizkioten Iñigo Arregi artistak egindako 'Egiaren iturria' oroigarria eta Bergarako alkateak idatzitako gutuna. Ilusio handiz jaso ditu Zuñigak bisita eta oroigarria. 

Felipe Zuñigaren aita feriatan aritzen zen lanean eta harekin ibiltzen zen udako festetan herriz herri. Kolpea hasi zenean, aita eta bi anaia Nafarroan zituen eta bera Bergaran zegoela alde egin zuen Errusiara bidean. 

Santurtziko portuan Habana itsasontzian sartu eta Bordelera eraman zuten 14 urte zituela. 12 urte zituela esan zuen Sobietar Batasunera joan ahal izateko. Bordelen beste itsasontzi bat hartu zuen Leningradora zihoana. Oso harrera beroa egin zieten bertan. Gosea izan arren, lehenengo desparasitatu egin zituzten haurrak eta euren arropak erre. Kabiarra eman zieten jateko. Jarson herrira eraman zituzten gero. 

1941eko ekainaren 22an, SESBera heldu zirenetik 4 urte betetzen zirenean, naziak sartu ziren, Stalin eta Hitlerrek sinatuta zuten paktua hautsiz. Ihes egin behar izan zuen orduan beste norabait. Ordura arteko bizimodu ona dezente kaskartu zitzaien haurrei: ihesa, gosea, hotza... Gerran parte hartzetik libratu zen Zuñiga Habana barkuan 12 urte zituela esan zuelako, gerrarako adina baitzuen ordurako. 1956an Espainiara joan zen.