Covid19 birusak eragindako krisiaren ondorioz bergarar askok bizi duten egoera ekonomiko zailaren aurrean, Bergarako Udalak udal tasa eta zerga ezberdinen ordainketak eten egingo ditu, gutxienez alarma egoera bukatu bitartean. Modu horretan, kaltetuenei lagundu nahi die Udalak.

Ogasun batzordeak, telematikoki elkartuta, honako erabakiak hartu ditu:

-Ura eta zaborraren tasen ordainketa gutxienez uztailaren 30era arte etetea.

-Alarma egoeran derrigorrean itxi behar izan duten saltoki, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionalei uraren kontzeptu finkoaren tasa eta zaborraren tasa ez kobratzea alarma egoerak dirauen bitartean.

-Terrazen tasarik ez kobratzea alarma egoerak irauten duen bitartean.

-Trakzio Mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea abenduaren 30era arte zabaltzea.

-Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko epea irailaren 15era arte zabaltzea.

-Azoka eta azoka txikiko postuen tasarik ez kobratzea alarma egoerak irauten duen bitartean (1. hiruhilabeteko ordainketa uztailaren 30era arte zabaltzea).

-Agorrosin kiroldegiko abonu eta ikastaroetako tasarik ez kobratzea apirilaren 1etik eta itxita dagoen bitartean (urteko abonatuei parte proportzionala itzuliko zaie).

-Udalak alokairuan dituen tabernei (Agorrosin eta Labegaraieta) alokairurik ez kobratzea alarma egoerak dirauen bitartean eta derrigorrean itxita dauden bitartean.