Azaroaren 4an hasiko dira 4. Sektorea deritzon eremuko lanak, Bergarako erdigunea eta Miguel Altuna Lanbide Heziketa berria lotuko dituen oinezko bidea egiteko lanak.

Jende askok erabiltzen duen bidea da eta are gehiago, orain, Miguel Altuna Lanbide Heziketak instalazioak hemen jarri dituenetik. Bidea egiteaz gain, ibilbide guztia argiztatuko da, baita goiko zonaldea, Artabilla ingurua.

Poliki-poliki balio erantsia ematen ari gara eremu honi; horren adibide da baita ere Nomadak – El Trenico egitasmoarekin bidegorriko hainbat puntu atondu eta koloreztatu izana ere.

Eta indartzen ari gara jasangarriak diren bizimoldeak; osasuntsuak eta kontaminatzen ez dutenak.

Udalak Asfaltados y Construcciones Morga SL enpresari adjudikatu dizkio lanok eta 235.889 euroko aurrekontua dute. Lanek 4 hilabeteko iraupena izango dute.

Lan egingo den gunea Miguel Altuna Lanbide Heziketaren eta Gabiriagañekoa baserriaren partzelen artekoa da. Puntu gorenetik 203 metroko luzera izango duen ranpa egingo da, %6ko malda izango duena. Asfaltatutako ranpak 2,5 metroko zabalera izango du. 12 zentimetroko lodiera duen hormigoizko harlauza izango da.

Ibilbide guztia argizatutako da; horretarako led-eko 10 luminaria jarriko dira.

Era berean, euri-urak jasoko dira; eta bidearen hasiera eta bukaeran hainbat zuhaitz landatuko dira eta egurrezko jarlekuak ere jarriko dira.