Irailaren 26an, osteguna, Altxamendu militarraren ondorioz diktaduraren errepresio frankista jasan zuten pertsona guztiak omenduko dituzte Arrasateko Jose Maria Arizmendiarrieta Plazan, Monolitoa dagoen lekuan. Omenaldia 19:00etan izango da.

16 urte igaro dira plaza horretan Debagoienean erail edota desagerrarazi zituztenen omenez Monolitoa jarri zutenetik. Orduan, 2003an, 116 pertsonen izenak jarri zituzten bertan. Aurtengoan, beste 6 gehituko zaizkie zerrenda honi; honako hauek:

-GUILLERMO UGARTE AETA.

-ISIDRO MONGE ALONSO

-VICTOR URIBE-ECHEVARRIA BENGOA

-BLAS UNAMUNO AMUCHASTEGUI

-DIMAS ARANZETA ETXEZARRETA

-EUSEBIO MENCHACA TURIEL

Hurrengo astetik aurrera, Debagoienan erail edota desagerrarazi zituzten 122 pertsonen izen-abizenak izango dira Monolitoan.

Errejimen frankistaren ondorioak oso latzak izan ziren: Erailketak, desagerpenak, beste hildako asko 700 gure bailaran, kartzela, tortura, kontzentrazio-eremuak, bortxaketak, erbestea, depurazioa, bonbardaketak, euskararen debekua … zerrenda amaigabea.

Horrexegatik 26an, berriz ere, aspaldiko aldarrikapen bat aldarrikatuko da berriro: JUSTIZIA.

Debagoieneko talde ugarik aldarrikapenarekin bat egin eta abesti, musika eta dantza jarriko diote ekitaldiari. Guztiak helburu bakarrarekin: Altxamendu faxistaren ondorioz errepresio faxista jasan zuten pertsona guztiei omenaldi xume hau eskaintzea.

Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko, zauriak ixteko eta baita aurrera egin eta etorkizuna sendotzeko ere.

Omenaldia Intxorta 1937 elkarteak antolatu du, Debagoieneko eta Aramaioko udalen laguntzarekin.