Joan den astean hasi zen Udala Santa Marinako eliz atariko harlauzak konpontzen. Bizpahiru aste iraungo duten lanetan apurtuta dauden harlauzak kendu, berriak jarri eta beraien arteko hutsuneak ondo lotuko dituzte. Horrez gain, zati irtenak ere leuntzen dihardute, estropezuak ekiditeko. Eliz atariko lurraz gain, kanpoko zati batekoa ere konponduko dute.

Aspaldiko eskaera zen San Martzialera bidean Goi Auzon dagoen errepide tramua hobetzea, zirkulazioarekin lotuta arrisku egoerak ekiditeko. Horren harira, Udalak Elizarekin akordio bat egin zuen uztailean eta horren bitartez Elizak 3.381 metro koadroko lurren doaneko lagapena egin zion Udalari. Hala, Udalak lagatako lur hori baliatuta bideko kurba zabaldu ahal izan zuen eta puntu horri zegokion arriskua ezabatu. Eta lagapen horren hitzarmenaren baitan, Udalak konpromisoa hartu zuen urte amaiera aurretik Santa Marinako elizaren erabilera publikoko eliz atariko harlauzak konpontzeko eta Santa Marina parrokian ager daitezkeen pintaketa ezberdinen garbiketa egiteko. Santa Marina herriaren ondarea da eta Udalak honen zaintzaren ardura ere badu, eta hala agertu zuen Udal gobernuak Udaleko osoko bilkuran ere. Hortaz, orain emandako hitza betetzen dihardu.

Santa Marinako eliz atariko harlauzetako asko egoera kaxkarrean zeuden eta inguru hori paso handiko gunea da. Hala, lan horiek eragina izango dute herritarrengan.