Bergarako Udala-k Az, 2017-03-22 11:29-n bidalia
Igande honetan Gorlako igoeraren edizio berria izango dugu Bergaran, estatuko txirrindulari eta zaletuen hitzordu garrantzitsu eta ospetsua. Ekitaldi honekin hasiera emango diegu aurtengo Bizikleta Jardunaldiei. "Dakizuen bezala, udaletik herritar aktiboen kopurua handitzea dugu asmotzat, eta asmo horren baitan kokatzen da seigarren urtez antolatzen ditugun jardunaldi hauek; izan ere, bizikletaren erabilera sustatzea dute helburu nagusi bezala, mugikortasun-eredu berriak egokitu nahi ditugu; mugikortasun jasangarria nahi badugu, garraio-ohiturak erabat aldatzea ezinbestekoa da. Ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea pauso garrantzitsua da, eta zentzu horretan guztiok daukagu lan egin beharra", agertu du Elena Lete alkateak.
Apirilaren 19an Nazioarteko Bizikletaren Eguna ospatzen da. Aste Santuetako datak direla kontutan hartuta, Bergarako Udalak jardunaldiak aurreratzea erabaki du eta, modu honetan, martxoaren 26tik apirilaren 9ra egingo ditugu jardunaldiak. Bi aste horietan zehar, bizikletaren aurpegi desberdinak erakusten saiatuko gara, hona hemen egitarau osoa;
"Bizikleten Jardunaldiak antolatzeko orduan, ikastetxe eta kirol taldeen partaidetza eta elkarlana nabarmendu nahiko nituzke: Aranzadi ikastola, Ipintza institutua, Mariaren Lagundia ikastola, San Martin ikastetxea, Lokatza elkartea eta Palmerakuak; bakoitzak bere ekintzak antolatzen eta jardunaldien dinamikan parte-hartze aktiboa izan duelako. Eskerrik asko benetan. Guztiok garbi ikusten dugu ezinbestekoa dela haur eta gazteekin lan egitea, eta eskertzekoa da. Gure herriaren etorkizuna dira haur eta gazteak eta hauen hezkuntzan eta formazioan eragitea beharrezkoa dugu. Horregatik, lanketa berezia egingo dugu beraiekin segurtasun arloan. Honela, besteak beste, bizikletan ibiltzeko hain beharrezkoak diren kaskoak oparituko ditugu eta Markel Uriartek haur eta gazteekin saioak eskainiko ditu. Bergara jasangarri eta atsegin bat izateaz gain, segurua ere izan behar duelako", amaitu du alkateak.