Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore turistikoaren lehen enplegu azoka antolatuko du norakoaren kalitatea hobetzeko eta sektorea profesionalizatzeko helburuarekin. Azoka hau martxoaren 27an eta 28an egingo da FICOBAN.

Azoka lan bila dabiltzan pertsonen eta sektore turistiko enpresen arteko elkargune izatea nahi dute eta horregatik, turismo arloko ikasle zein sektoreko langabetuei bertan parte hartzera deitzen zaie. Azoka batik bat lan bila dabiltzan pertsonei zuzentzen bazaie ere, plataforma izan nahi du, halaber, sektore turistikoan profesionalki garatzeko duten gaitasuna ezagutarazi nahi duten horientzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere izango da.

Honela, parte hartu nahi dutenek curriculuma bidali behar dute http://turislan.ficoba.org/ web orrialdera, martxoaren 1etik 10era bitartean. Bergarako Udalak turismo arloko lana bilatzen ari diren herritarrei bertan parte hartzera animatu nahi ditu, lana modu aktiboan bilatzeko aukera izango baita bertan.