Bergarako Udala-k Al, 2017-02-27 16:28-n bidalia
Azaroan jarri zen abian Bergarako Osasun Sarea. Elena Lete alkateak orduan adierazi zuen bezala, sare txikia baina eraginkorra izateko helburuarekin ekin zitzaion bideari, eta orain, 3 hilabete ondoren, urteko plangintza onartu du. Honela, hilabete hauetan egin diren bileretan Bergarako ikastetxe guztiak, Jardun elkartea, Caritas, San Joxepe, Aspace, Martxanterak, Kattalin, Pol Pol taldea eta Bergara Kirol Elkartea bildu izan dira, eta astelehenean egindako batzarrean adostu zen 2017an honako gai hauek lantzea:
1.- Gazteen osasun-hezkuntza lantzea (Prebentzioa, gazteen osasuna eragin dezaketen faktoreengan).
Erakunde, ikastetxe eta eragile guztiekin elkarlanean arituz, alkoholik eta drogarik gabeko bizimodua sustatu behar da, eta horien inguruko informazioa eman. Azkenean, gazteei eman behar zaie erantzukizuna, arazoa dagoela onar dezaten, eta denen artean drogak eta alkoholak Bergaratik baztertzeko.
2.- Osasun-maila hobea lortzeko herrian ditugun zerbitzuak ezagutzera ematea.
Bergarako herrian osasun arloan dauden zerbitzu guztiak ezagutzea garrantzitsua da. Herriko pertsonen edo taldeen beharrak hobetu edo asetzen dituzten talde eta eragileek eskaintzen dituzten zerbitzuak zenbat eta herritar gehiengoenera iritsi, parte-hartzea eta emaitza hobeak izango dira.
3.- Herrian ditugun bidegorriak egokitzea.
Pasiera egitea oso garrantzitsua da pertsonen osasunerako eta Bergaran badira hainbat bidegorri horretarako. Gizon zein emakume ugari ibiltzen dira pasieran bidegorri hauetatik baina askok komun baten beharra izaten dute. Komunik ezean, gizonezkoek oso erraz izaten dute beharra egitea, baina ez horrela emakumeek. Horregatik, denen eskura komuna izatea pasierako lekuetan funtsezkoa da ibiltzen eta ariketa fisikoa egiten jarraitzeko.
Bergarako Tokiko Osasun Sarea helburu zehatzik gabe hasi bazen ere, bileretan agertutako beharrei erantzuteko gai dela adierazi du. "Eragile eta erakundeen arteko parte-hartze eta elkarlanarekin, Bergara osasuntsuago eta zoriontsuago bat egiten ari gara", esan du Lete Bergara alkateak.