Bergarako Udala-k Az, 2017-02-01 09:50-n bidalia
Asteleheneko udalbatzan onartu zituen Bergarako Udalak 2017ko aurrekontuak. Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE taldeen aldeko botoei esker onartu zen kontu orokorra, EH Bilduk eta Irabazik kontra bozkatu zuten. Honela, Bergarako Udalak 22.362.510,20 euroko aurrekontua izango du urte honetarako, iazkoarekin alderatuz gero, %1,55 gehiago.
Elena Lete alkateak adierazi zuenez, aurrekontua osatzerako prozesuan hartu diren irizpideak garbiak izan dira; bizia, zuzena, partaidetzazkoa eta herritarren lehentasuna. “Aurrekontua tresna bizia da, guk horrela ulertzen dugu eta horrela erakutsi dugu 2016an gure aurrekontua erabili, egokitu eta gauzatu dugunean hainbat ezbeharretara erantzuna emateko. Eta horrela jokatuko dugu ere 2017an. Bestalde, zuzena ere bada, Kontuhartzailearen txostenak argi uzten duen moduan izan ere, aurrekontuak egonkortu egin ditugu eta jasangarriak ere badira eta egoera onean gaudela esan dezakegu”.
Gainera, herritarrek eta beraien beharrek lehentasuna izango dute 2017ko kontuetan. Honela, Gizarte Zerbitzuak sailak ez du jaitsierarik izango; “Baina ez hori bakarrik, aipatu behar da gizartean dauden diru-laguntzak ez direla agortzen, gaur egun Bergaran beharra daukatenentzako eta udal larrialdietarako laguntzen oinarriak betetzen dituzten guztiendako izan dugu laguntza bat, UGLL diru laguntzaren bitartez, ez dela inor geratu kanpo partida agortu delako. Hori guretako adierazle on bat da, Bergarako herritarren premiak bete egin dugula legeak eta goiko erakundeekin batera zehaztu dugun diru laguntzak era osagarri batean”, gaineratu du alkateak. Eta herritarrek lehentasuna dutelako ez da kirol, kultur, gizarte, hezkuntza edota euskarako talde eta eragileei bideratzen zaizkien laguntzarik jaitsiko.
Era berean, bergarar guztien partaidetza sustatuko da aurrekontuen bitartez. “Beti aipatu dugu gure konpromisoa partaidetza sustatzeko eta horrela bi partida berri ditugu, hurrengo urteetara mantendu edo aberasteko asmoarekin gainera. Partaidetza eta bizikidetza bi partida desberdinetan ezarri ditugu eta partaidetza sustatzeko arlo desberdinetan beste bi partida berri sortu dira, bat ideien proiektuak herritarren aldetik jasotzeko (100.000€) eta oposizio taldeen emendakinei erantzuna emateko beste partida bat (80.000€), azken hau, ordea, Bolun gertatutakoari aurre egiteko erabiliko da, oposizioarekin adostu ondoren”, zehaztu du Letek.
Inbertsio eta konpromiso nagusiak
Udal Gobernuak bere asmo nagusiak eta hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak 2017ko aurrekontura eraman ditu. "Kultur ekipamendua osatu egiten da, gure programan azaltzen zen seminario-espoloiko ardatz kulturala indartu nahi genuela eta mutur bietan planteatu dugu ekintza bat: kioskoa berreraiki eta seminarioko kultur erabilerarako aretoa osatzeko; kirol ekipamendua estaltzea ere gure programan agertzen zen eta bidegorriaren sarea osatzeko pausuak emango genuela. Honekin azpiegitura sortzen da, bai, baina hori baino askoz gehiago egiten da sortzen dira gune batzuk non gure talde kulturalak izango dute aukera ekintza eta ekitaldi desberdinak gauzatzeko", zehaztu du Elena Lete alkateak.
Oposizioaren emendakinak
2017ko aurrekontuaren proiektua abenduaren amaieran aurkeztu genuen eta beraz, EH Bildu eta Irabazi taldeek hilabete izan dute kontuak landu eta euren proposamenak egiteko. Zentzu honetan, Udal Gobernuak iaz erakutsitako konpromisoa bete du, urte hasieran onartu nahi baitzituen aurrekontuak. Oposizioak aurkeztutako emendakinen aurrean, Elena Lete alkateak agertu duenez; “EH BILDUk aurkeztutako emendakinetan 1.094.000€ko inbertsioa zetorren, horrek esan nahiko luke gure ahalmenen inbertsioetako heren bat aldatzea eta hauteskundeetn hartutako konpromisoei ezin aurre egitea. Hala ere, negoziaketan ibili gara eta proposamen batzuetan abiapuntuak gerturatzeko aukera izan dugu. Irabaziren kasuan aldiz, ez digu egin inongo proposamenik, ez du nahi izan gurekin bildu eta bere mozioa azken momentuan aurkeztu du. Borondate falta nabarmen ikusi dugu, adosteko inongo ildo ez du jorratu nahi izan eta”.