Atzo egin zen urteko azken ohiko udalbatzan, eta aurrekoan Iñaki Arregik bere kargu utzi ostean, atzotik Irune Galarraga Ezenarro izango da EAJko zinegotzi berria. Bergarako Udalak datozen egunotan jakinaraziko du Galarragaren ardurak zeintzuk izango diren.

Irune Galarragak 41 urte ditu eta  Arrasateko Aita Meni ospitaleko erizain zuzendaria da. Bergarako Udalean aritzea “arduraz eta ilusioz” hartu duela dio. Elena Lete alkateak ongietorria emateaz gain, eskerrak eman dizkio “Bergararen eta bergararren alde lan egiteko hartutako konpromisoagatik”.

Plenoak eman zuena

Kargu hartzeaz gain, hainbat puntu landu eta zenbait mozio onartu ziren.

Laboratorium museorako dohaintzak onartu ziren eta Udal eta Udal euskaltegiaren zenbait transferentzia bidezko kreditu aldaketak onartu ziren.

Horretaz gain, Bergara zeliakoen herria proiektua martxan jartzeko mozioa, Atzerritarrak barneratzeko zentroak gaitzesteko erakunde adierazpena, Pobrezia energetikoa saihesteko neurriei dagokion mozioa eta Poliomilitisak jota izan ziren eta gaur egun ondorio berantiarrak edo post-polio sindromea jasaten ari diren lagunei sostengua adierazteko mozioa onartu ziren aho batez.  EHBilduk aurkeztutako indar polizialen inguruko mozioa onartu zen EAJ eta EHBilduko zinegotzien aldeko botoekin; Irabazi eta PSE-EE abstenitu egin ziren.