Jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritza MUGIMENT izeneko plan estrategikoa ezartzen ari da. MUGIMENT planaren barruan, udalerriak dira egitasmoa aplikatzeko ardatz nagusia eta gaur Bergara izan da aukeratutako herria, proiektua hedatu eta sustatzeko.

Elena Lete alkateak jardunaldien aurkezpena egin du eta Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzaren helburuekin guztiz bat egiten duela nabarmendu du: “Herritar aktiboen kopurua handitu nahi dugu Udalean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Plan Estrategikoaren bitartez. Eta zorionez, ez gaude bakarrik ahalegin horretan. Garbi dugu, bide horretan ezinbestekoa dela herritar, elkarte, erakunde zein ikastetxeen arteko elkarlana. Nork bere aldetik bakarrik lan eginez gero, ez baikara eraginkor izango. Sarean eta elkarlanean lan egitea guretzat ez da berria, urteak daramatzagu gizarteko arlo desberdinetan modu horretan lan egiten, merkataritza, kultura, kirola, jaiak…”.

Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea den Elena Albisuk, Eusko Jaurlaritzako Giza Zerbitzuetako zuzendaria Emilio Solak eta Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak hartu dute hitza. Jardunaldietan parte hartu dutenek, Eusko Jaurlaritzaren sare-lana sustatzeko ekimenak, sareak sortzeko pausoak eta gakoak edota Debagoienako osasun, Gaizteizko Judimendi auzoko eta Lezoko jarduera fisikoa sustatzeko tokiko sareen esperientziak ezagutzeko aukera izan dute.

Arloa: