Bergarako Udalak Labegaraieta auzoko kirolgunea eta bere inguruko aisialdi eremuaren erabilera definitzeko parte-hartze prozesua martxan dauka eta atzo egin zen bigarren bilera, Labegaraietako kiroldegian bertan. Atzoko bileran adin-tarte guztietako 20tik gora lagunek parte hartu zuten; tartean ziren auzokideak, kirol taldeetako ordezkariak eta bestelako herritarrak.

Labegaraietako kirol eta aisialdirako gunea eraberritzeko ideia ugari jaso ditu Udalak eta atzoko bileran ideia horien guztien berri jaso zuten bertaratutako herritarrek. Udalak ideion bideragarritasun aukeren berri eman zuen eta herritarrek ideien artean lehentasunak planteatu zituzten.

Lehentasunen artean nabarmendu ziren skate parkerako irtenbideak bilatzea, rokodromoa hobetzea (azalera eta baldintza termikoak) eta auzoko adinekoek zein familiek ezinbestekotzat jotzen duten gune estalia egokitzea. Azken horri dagokionez, kiroldegi kanpoko zubi-garabia estaltzeak eta biltegia berritu eta egokitzeak espazio eta erabileren aldetik eman ditzaketen aukeren inguruan hausnartu zuten bertaratutakoek. Aurrera begira, Udalak bi aukeren inguruan azterlan tekniko zehatzagoa egin beharko du, eragileek lehentasuna bata edo besteari eman diezaieten.

Bestetik, parte-hartze egitasmoaren balorazio oso positiboa egin dute herritarrek eta orain Udalak hainbat lan egin beharko ditu: proiektu teknikoak lantzea (batetik, kirol eta aisialdi guneak baldintza minimo egokiak izan ditzan ezinbestean egin beharreko lanetarako eta, bestetik, herritarrek proposatutako ideiak martxan jartzeko), eta, nola ez, 2017rako udal aurrekontuetan egokitzapenak egitea Labegaraietako gunea eraberritzeko lanak finantzatzeko.

Udalak konpromisoa hartu du bere “etxeko lan” horien bilakaeraren berri herritarrei udazkenean zehar emateko.

Arloa: