Bergarako Udala-k Al, 2016-05-09 14:26-n bidalia
Egun Udala Espoloirako aurreproiektu bat lantzen ari da, Espoloiko kioskoaren eta jolaslekuaren urbanizazioaren gainekoa, arkitekto-talde batekin. Arkitekto horiek Espoloira joan zirenean, kioskora igo eta egoera zein zen aztertu ondoren, Udalari jakinarazi zioten botatzeko beharra zegoela eta gainean pisu handirik ez jartzea gomendatu.
Egun horietan ere, udal langileak kioskora bertaratu ziren Pentekoste jaietan ohikoa den Musika Bandaren kontzerturako prestaketa-lanekin hasteko. Horiek ere segituan ohartu ziren bai zutabeak bai teilatua mugitu egiten zirela kontzerturako beharrezkoa den tarima osagarria egiturari lotzean.
Segurtasun-neurriak inondik inora betetzen ez direla ikusita, Udalak emergentziazko prozedura jarri du martxan eta bihar bertan hasiko dira eraiste-lanak. Hiru aurrekontu aurkeztu dira eta, azkenik, Excavaciones Arrasate enpresak burutuko du 9.500 euro inguruko aurrekontua duen proiektu hau. Kioskoa bota eta zoladura berreskuratu egingo da, berriro ere erabiltzeko moduan izateko.
Horrela, Pentekoste jaietan Musika Bandak jotzen duen kontzerturako beste eszenatoki bat jarriko da beherago.
2002az geroztik itxita
Urte hartan hormigoia zein egoera txarrean zegoen ikusita, burdinazko errefortzu batzuk ipini ziren zutabe batzuen inguruan. Ordutik hona erabilera mugatua izan du kioskoak eta, batez ere, jaietan erabili da bandaren kontzertuetarako.
Etorkizuneko erabilerak zehazteko partaidetza-prozesua abiaraziko du Udalak
Aurrez aipatu bezala, Udala aurreproiektu bat burutzen ari da Espoloiko urbanizazioren gainean eta, era berean, datozen hilabeteetan partaidetza-prozesu bat abian jartzeko asmoa dago herritar eta eragile ezberdinekin, gune horretako erabilerak zehazteko.
1924ko kioskoa
Elena Letek adierazi duen moduan, bergarar asko kiosko honen inguruan hazitakoak dira eta, ondare aldetik babes berezirik ez duen arren, eraikin garrantzitsu bat da herritarrentzat. Horregatik, argazki erreportaje bat egingo da eta burdinazko hesiak ere gorde egingo dira.
Kioskoaren beheko zatia 1924an egin zen eta 26 urte geroago, 1950ean, zutabeak eta teilatua jarri ziren, Raimundo Enecoteguik egindako proiektuari jarraituz. Era horretan, 1950eko maiatzaren 28an inauguratu zen.