Bost edukiontzien sistema osorik martxan jarri arte bi sistemak martxan egon dira aste honetan, baina sistema berriaren ezarpena martxa onean doala ikusita, gaur bertan hasi dira udal langileak zintzilikarioak kentzen. Bi-hiru aste barru herrian zintzilikariorik ez egotea da asmoa.

Horrela, astelehenetik aurrera zintzilikarioetan topatzen diren kuboak Amillagako biltegira eramaten hasiko dira. Berreskuratu nahi dutenek bertara joan beharko dute jasotzera.

Atzo egin zen edukiontzi marroi eta grisen lehen bilketa, eta ez da aparteko arazorik izan. Asteazkenera bitartean jarri ziren edukiontzi berriak herrian. Horietatik guztietatik sei edukiontzik akats txiki bat zuten itxiera-sisteman baina aste-bukaerarako konponduta egotea aurreikusten da.

Era berean, udaletik hainbat ohar helarazi nahi dira herritarrek kontuan hartzeko:

- Materia organikoa edukiontzi marroira poltsa konpostagarrietan bota behar da, derrigor.

Edukiontziraino beste poltsa-mota batean eraman nahi duten herritarrek materia organikoa soilik bota dezakete edukiontzi marroira.

Supermerkatuko edo antzeko poltsetan eramanez gero, ondoren poltsa mota horiek edukiontzi horira bota behar dira. Zabor-poltsetan eramanez gero, aldiz, materia organikoa marroira bota behar da, baina zabor-poltsa edukiontzi grisera (errefusera).

- Oraindik txartela jaso ez dutenek Hondakinen Informazio Bulegora joan behar dute.

ORDUTEGIA

Goizez:

Astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00

Arratsaldez:

Astelehen eta asteazkenetan, 17:00-19:00