Udalak pasa den otsaileko Udalbatzan aho batez onartu zuen 2016ko Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala. Adierazpenak honela dio: 

"Nazioarteko Egunak aldarri egunak dira, egoera desorekatuak agerian utzi eta eman beharreko aldaketen aldarri eguna.

Martxoak 8a, emakume langileen borroka testuinguruan kokatzen da, 1908 urtean oihalgintzan prekarioki eta inbisibilizatuki lanean ari ziren emakume langileek grebari eutsi eta EEBBetako hainbat hiritan manifestaldiak burutu zituztenean.

Handik hona, emakume-gizon eta borroka feministari esker, asko izan dira emandako urratsak emakume eta gizonen berdintasunaren alde, baina ezin ahantzi dugu ere, gaurko egunean zoritxarrez, leku ugaritan badela eman beharreko pausurik emakumeen eskubide oinarrizkoenak eskuratzeko bidean.

Gertukoan ere, Euskal Herrian bertan, lege eta araudiek berdintasunaren aldeko marko orokorra ezarria badute ere, badugu eman beharreko urrats ugari. Izan ere, berdintasun faltsuaren diskurtsoa hedatzen dihardu, eta honek, berdintasunaren alde aktibatu beharreko neurriak moteldu besterik ez ditu egiten, egoera irreal bat irudikatuz.

Finantza krisiak eragindako murrizketek lehenik, eta ustez bertatik ateratzeko hartutako hainbat neurrik ondoren, azken urteotako jazarpen bortitzena eragin dute jendarteren eskubide oinarrizkoenen galera orokorrean, eta bereziki emakumeen eskubideengan. Eta horrela, diskurtso eta praktiken arteko kontraesanak agerikoakaridiraizaten, parekidetasunaren, ekitatearen eta berdintasunaren esparruan.

Bergarako Udalak argi du egunerokoa eta guztion lana dela berdintasun erreala lortzeko lanari eustea, erakundeetan eta jendartean, lana eta enplegua baldintza duinetan banatua izan dadin, zaintza lanak partekatuak izan daitezen, afektibitatea eta sexualitatea modu anitzean, libreki eta seguru bizi ahal izan dadin, estereotipoak zein rolak gaindituak izan daitezen, eraso sexual eta sexistak desagertu daitezen, prekarietateak eta pobreziak emakume izena eduki ez dezaten, erabakiguneetan aritzeko aukera berak sor daitezen, besteren artean.

Eta hau guztia lortzeko, jendarte eredu berritua eraikitzeko, neurri normatibo, tekniko eta ekonomiko ausartak hartu behar dira, egungo murrizketak alboratuz.

Horregatik, 2016ko martxoak 8 honetan, Begarako udalerrian ere badelako zer eginik, ondorengo ebazpen proposamena egiten dugu, 2016ko otsailaren 29(e)ko osoko udal batzak onartu dezan.

Bergarako emakumeok ez dugu kolektibo homogeneoa osatzen. Emakume bakoitzaren testuingurua eta bizi-baldintzak desberdinak dira; hala, jatorriak, kultura, egoera sozioekonomikoak, orientazio sexualak,... emakume bakoitzaren bizitza asko baldintzatzen duela uste dugu. Ondorioz, udaletxeak bideratzen dituen proposamenetan baldintza eta ezaugarri horiek guztiak kontuan izan behar direla eta islatu behar direla deritzogu

Kontuan hartzea gerra eta jazarpenetik ihes eginda gure hiri eta udalerrietara iristen diren errefuxiatuen artean dauden emakume eta haurren behar espezifikoak; beharrezko harrera eta arreta ziurtatzea, eta era guztietako indarkeria eta diskriminazioa eragoztea;

Horregatik udalak harrera protokoloa landu eta abian jartzeko konpromisoa hartzen du.

EBAZPEN PROPOSAMENA

1.-Emakumeek XXI. mendean pairatzen jarraitzen duten indarkeria salatzea: bizitza pribatuan zein publikoan emakumeen aurka zuzentzen den indarkeria forma guztiei aurre egin behar zaie eta ezabatu egin behar dira, honako forma hauek barne sartuta: emakumeen trafikoa, sexu-esplotazioa, indarkeria matxista eta giza eskubideak urratzen dituzten gainerako ekintza guztiak.

2.-Gogoratzea demokrazia ezin eraiki daitekeela emakumerik gabe, eta, horrenbestez, beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla, maila guztietan –tokikoa, eskualdekoa, estatukoa eta Europakoa-, emakumeek eta gizonek parte-hartze berdina izan dezaten erabakiak hartzeko prozesuetan.

3.-Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du berdintasun aurrekontua urtero igo edo berdin mantentzeko, 2017tik 2019ko aurrekontu partida orokorretan.

4.-Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du sortzen dituen idazki guztietan hizkuntza ez sexista eta inklusiboa erabiltzeko.

5.- Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du berdintasun mahaia sortzeko, Bergarako emakume eta talde feministekin batera, 3 hilabeteko epean eratzeko pausu tinko eta sendoak emanez, bertan ekintza egutegi zehatza finkatuz.

6.-Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du Biolentzia Matxistaren kontrako protokoloa osatu eta abian jartzeko, berdintasun mahaian.

7.-Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du herriko puntu beltzen mapa aztertu eta desagerrarazteko, berdintasun mahaian.

8.-Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du berdintasun mahaian emakumeen ahalduntze bidean sentsibilizazioa eta formakuntza lantzea eta garatzea izango dela helburu.

9.-Bergarako Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du udal antolakuntzako sail guztietan generoa zehar lerrotasdunez lantzeko, horretarako neurri bateria bat aurkeztuko duelarik legegintzaldian zehar garatzeko.

10.- Bergarako Osoko Bilkurak,konpromisoa hartzen du berdintasunaren mahaian mobilizazioak/ adierazpenak/agerraldiak elkarrekin landu, diseñatu eta adosteko.

11.-Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gure herriaren balioen eta europar gizarteen oinarrizko elementua dela bermatu dezatela eskatzea Aldundiei, Eusko Jaurlaritzari, estatuetako gobernuei eta Europako instituzioei; beraz, elementu horrek agenda politikoaren erdigunean egon behar du, eta politika eta lege garrantzitsu guztietan txertatu behar da

12.-Genero-indarkeria prebenitzeko eta horren biktimak babesteko eta laguntzeko politika eta lege bateratuak sortu ditzatela eskatzea Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Estatuko gobernuei eta EBko instituzioei. Emakumeen aurkako indarkeria eta indarkeria matxista prebenitzeari eta haren aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (Istanbulgo Hitzarmena) berretsi dezatela eskatzea gobernu nazionalei."

 

HILABETE GUZTIAN ZEHAR EKINTZA EZBERDINAK BERGARAN

Martxanterak, Udalaren eta Jardunen laguntzarekin hainbat ekintza antolatu ditu martxoan zehar.

 

Eranskinak: