Atzoko osoko bilkuraren ostean, martxan da hondakinen bilketaren inguruko herri-kontsulta. Udalak antolatutako lehen herri galdeketa izango da Bergaran eta atzo Juanje Alberdi alkateak adierazi zuenez, prozesu honen helburua herritarrek zer nahi duten jakitea da eta aukeratzen dutena aukeratzen dutela, azken urteetan zehar luzatu den eztabaidarekin amaitzea. Udalaren nahia gai hau behin betiko bideratzea dela gaineratu zuen.

Udalak Estatuko Kontseiluari baimena eskatuko dio legeak horrela adierazten duelako. Galdeketa azaroaren 29an egingo da. Galdera ondorengoa: Bergarako udalerrian, zein kontsideratzen duzu hondakinak gaika biltzeko erarik egokiena?. Eta erantzun posibleak: 5. Edukiontzia edo Atez atekoa.

Udalak datozen asteetan azalduko ditu prozesu honen xehetasun guztiak eta, sistema bakoitzaren gaineko deskribapena eta funtzionamenduaren inguruko informazioa etxebizitza guztietara ere bidaliko du.

Horrenbestez, prozesu guzti honen ondorioz, Bergaran hondakinak biltzeko sistema egokiena zein den herritarren partaidetza bidez erabakiko da.

Atzokoan Udalbatzak onartutako beste zenbait gai

2016rako Ordenantza Fiskalak. Udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta eta eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea mantendu nahian, datorren urterako ordenantza fiskalak onartu ziren atzokoan (30 egunez ikusgai daude eta alegaziorik aurkeztu ezean, behin betiko Ordenantzak GAO-n publikatuko dira).

Azaroaren 25, “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrazteko Nazioarteko Eguna” adierazpena. Udalak eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko konpromisoa hartu zuen, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

Askapenako kideen kontrako auzia. Onartutako adierazpenean, Bergarako Udalak inoiz hasi behar ez lukeen epaiketaren erabateko gaitzespena azaltzen du eta auzipeturiko guztion absoluzio erabaki juridikoarekin berehala amaitzea eskatzen da.

Kaleratzeak Stop Desahucios plataformarekin adostutako mozioa ere onartu zen.

Debagoieneko Ospitalean Erresonantzia Magnetikoetarako unitate bat ipintzearen aldeko mozioa.

Hassana Aaliari Elkartasunezko Adierazpena. Udalak Hassana Aaliari eta bere familiari sostengua eta elkartasuna helarazten die.