Bergarako Udala-k Og, 2015-10-15 10:52-n bidalia
Hondakinen bilketa sistemaren gaia mahai gainean jarri zenetik gaur arte, egun Udal Gobernuan dagoen EAJ-k 5. edukiontziaren aldeko apustua egin du beti. Atez atekoa ezarri baino lehen, bai “Bergara Garbia” Herri plataformak antolatutako herri kontsultan eta baita hauteskunde kanpainetan ere, 5. edukiontzia izan da gaikako bilketa sistema hautatua.
Prozesu honen hasieratik, helburua hondakinen gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea izan da. Eta, horretarako, herritarrak kontzientziatzea eta hezitzea ezinbestekoak direla behin eta berriz esan izan da. Guztiok bat eginda bakarrik lortu daitekeelako helburua.
EAJk aurreko legealdiko gobernuak sorturiko Hondakinen Mahaian parte hartu zuen eta bertan akordioetara iristeko prestutasuna azaldu arren (Elgetan lortutako akordiora, esaterako), aurreko legealdiko gobernuak behin eta berriz errepikatu zuen inondik inora ez zuela hondakinen gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea onartuko. Horrez gain, Hondakinen Mahaia martxan zegoela atez ateko gaikako bilketa sistema ezarri zuten eta Mahaia bat-batean desegin zuten egun batetik bestera, inongo azalpenik eman gabe.
Lehen egunetik lanean
Ekainaren 13an eratu zen Udal Gobernu berria eta irail hasieran Mankomunitatea. Ordutik hainbat azterketa martxan ipintzeko aukera izan da, orain arte ezin izan baitira datuak eskuratu, ukatu egin baitira.
Uztail amaieran, Udal Gobernuak EH Bilduri hondakinak gaika biltzeko sistemaren inguruko akordioa proposatu zion. Arrasateko Udalaren eta EH Bilduren artean onartutako akordioa oinarri hartuta elkarlanean hitzarmen bat adostea zen proposamenaren xedea. Bi hilabete ondoren, ezezko erantzuna jaso da eta, honen guztiaren ondorioz, herri kontsulta egingo da, herritarren nahia entzutea baita Udalaren helburua.
Herri kontsulta, urtea amaitu aurretik
Herrian sorturiko eztabaidaren ondorioz, 2013ko azaroan herri kontsulta egin zen eta hauteskundeetan ere alderdi bakoitzak bere eredua aurkeztu zuen, eta horregatik, alderdiak elkarren artean adostasunetara iristeko saiakera egin du Udal Gobernu honek. Baino ezinezkoa izan da. EH Bildu Gobernuan egon den urteetan zehar galdeketa egiteko hainbat aukera izan ditu, baina behin eta berriro Bergarako herritarren galdeketa eskaerari ezetz esan dio eta lehen momentutik gainera oztopatu egin du.
Bien bitartean Udal Gobernua lanean egon da lehenengo momentutik eta egin beharreko inbertsioak, kosteak eta epeak aztertu ditu. Azterketa hauen emaitzek agerian uzten dute 5. edukiontziko kostea merkeagoa dela. Egin beharreko inbertsioak urte betean soilik amortizatzen dira, eta edukiontziak ezartzeko epea 2016ko lehenengo 3 hilabetetan izango litzateke.
Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuak urtea amaitu aurretik herri kontsulta egingo du, herritarrek erabaki dezaten hondakinak biltzeko sistema egokiena zein den. Udal Gobernuak herritarren hitza berriro entzun eta kontuan hartu nahi duenez, herri kontsulta egingo da, herritarren borondatea betetzea baita Udalaren helburua.