Maiatza loreen hilabetea omen da askoren esanetan eta aurtengoan hala izango da Bergaran ere, lehen aldiz Bergarako leihoak eta balkoiak apaintzeko lehiaketa egingo baita aurten. Horrekin batera, lore eta landare azoka eta helduentzako zein gaztetxoentzako tailerrak ere izango dira.

Lore eta Landare azoka maiatzen 17an, zapatua, ospatuko da Oxirondoko plazan, merkatuaren kanpoko aldean. Bertan loreak eta landareak ikusi eta erosteko aukera izango da bertaratuko diren saltzaileen eskutik. Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere izango dira, landareekin jolasean ikasteko.

Aurrez, baina, maiatzaren 14an leihoak apaintzen ikasteko hitzaldi-tailer teoriko-praktikoa izango da, “Kimu bat”-en eskutik. Hitzaldia Udaletxeko pleno aretoan izango da, euskaraz, gaztelerazko itzulpen zerbitzua egongo delarik.

Bergara lorez apaiduko duen lehiaketa

Bergarako “Balkoi eta Lehioak apaintzeko lehiaketa” ere egingo da maiatza eta ekaina bitartean. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek ekainaren 16a baino lehen eman beharko dute izena Kultur Etxean, 943 77 91 58 telefonora deituta edota bergara.eus orrian eman beharko dute izena. Lehiaketa arautuko duten pleguak bergara.eus orrialdean publikatuko dira.

Hauek izango dira sariak:

  • 1. saria: 400 euro Bergarako dendatan gastatzeko bonoa.
  • 2. saria 200 euro Bergarako dendatan gastatzeko bonoa.