Bergarako Udala-k Az, 2026-10-21 16:29-n bidalia
Bergara euskal folklorearen gune bilakatuko da igandean, urriak 25. Alai Berri Abesbatzak antolatuta eta Bergarako Udalaren nahiz tokiko hainbat eragileren laguntzaz, II. Otxote Topaketa ospatuko da. Ekimen honen helburu nagusiak otxoteen arteko loturak estutzea, euskal folklorearen transmisioa bultzatzea eta lau ahotsetarako kantugintzaren aberastasuna herriko kale nahiz auzoetara hurbiltzea dira.
Aurtengo edizioak jauzi kualitatibo nabarmena ekarriko du; izan ere, topaketa Euskal Autonomia Erkidegotik haratago zabaldu da, Euskal Herriko lurralde guztietako taldeak bilduz. Horren erakusgarri, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko otxote bana ere izango dira Bergaran:
- Enara (Baiona)
- Muñatones Otxotea (Abanto-Zierbena)
- Txipli Txapla Otxotea (Bilbo)
- Coro de Voces Graves de Pamplona (Iruñea)
- Alai Berri Abesbatza (Bergara, talde antolatzailea)
Udalaren hitzetan, estrategikoa da gisa honetako ekimenak babestea, otxoteak euskal kulturaren transmisioan tradizio sendoa baitira. Horrez gain, antolakuntzak Alai Berri Abesbatzak berezkoa duen izaera eraldatzailea nabarmendu du, ohiturazko modalitate hau berritzen eta gaurkotzen jakin baitu, emakumeen parte-hartze zein presentzia azpimarragarriari bidea eginez. Aipatzekoa da Baionako Enara taldea emakumez osatuta dagoela.
Egun osoko egitarau zabala
Jardunaldia goizeko 11:30ean hasiko da Seminarixoa aretoan. Bertan, kontzertu nagusia eskainiko dute taldeek, Gorka Unamunok aurkeztuta. Otxote bakoitzak lau ahotsetarako moldatutako lau pieza interpretatuko ditu.
13:00etatik 14:45era bitartean, kantua oholtza gainetik kalera igaroko da. Otxoteak herriko kale eta auzoetan zehar ibiliko dira, taberna laguntzaileetan geldialdiak eginez eta Bergarako Musika Eskolako trikitilariek lagunduta. Geldialdiak egingo dituzten saltoki eta tabernen artean daude Harry's Burger, Maxim's, Etxagi, Erreki, Txamonix, Azpeitxi, Hamaika, Ogi Berri Espoloia, Etxalar eta Tripontzi denda.
Goizari amaiera emateko, abesbatza guztiak Irala kalean bilduko dira taldeko argazkia ateratzeko eta elkarrekin Txanton Piperri operaren azken ereserkia den «Euskalherriko» kantua abesteko.
Kantuaz gainera, parte-hartzaileek Bergarako historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatua egiteko aukera izango dute. Eguna amaitzeko, kantu-bazkaria egingo da Pertxa elkarte gastronomikoan, taldeen arteko elkarlana eta giro atsegina sendotzeko asmoz.
Bertako artisten babesa eta logo berria
II. Otxote Topaketak Bergarako kultur sarearen babes zabala izan du. Hainbat herritar artistak hartu dute parte antolakuntzan:
Santi Arrieta eskultoreak parte-hartzaileentzat opari gisa emango diren eskulturak sortu ditu. Manu Muniategiandikoetxea margolariak kartelerako irudia diseinatu du. Eneritz Madariaga arduratu da kartelaren zein esku-programaren diseinuaz.
Gainera, topaketaren harira, Alai Berri Abesbatzak bere logo berria estreinatuko du. Manu Muniategiandikoetxeak diseinatutako irudi berriak, abesbatzaren irudia gaurkotu eta izaera berritzaileagoa islatzen du.

