Bergarako Azoka, edo "Merkaua", gurean askok deitzen diogun bezala, indarra galduz joan da azken urteotan. Honen atzean daude, neurri handi batean, gure bizitza eta kontsumo ereduetan izandako eraldaketak, zeintzuek hainbat erronka jarri dizkiguten mahai gainean. Hauen artean aurkitzen ditugu, besteak beste, ekonomia lokalean, elikaduran, osasunean zein aisialdian islatzen diren hainbat desafio.
Orain, gure Azokari bizi berria eman nahi diogu. Hori bai: biziberritze prozesu horretan aipatu ditugun erronka horiei ere heltzea da Udaletik herritarroi egin nahi dizuegun proposamena.
Zer da "Azoka Bergaratzen" proiektua?
Gure Azokari bizi berria emateko proiektu integrala da. Azoka abiapuntu bezala hartuta, baliagarriak diren ohiturak eta ereduak berreskuratu nahi ditugu Bergaran, baita bide berritzaileak jorratu ere, goian aipatutako erronkei aurre egiteko.
Horregatik, Bergarako Udalak herritarrekin eta hainbat herri-eragilerekin batera Azoka biziberritzeko ideiak, aukerak eta proiektuak identifikatu nahi ditu, helburuak partekatuz eta sinergiak baliatuz.
Prozesua dinamizatzeko Bagara elkartearen laguntza izango dugu.
Zein lan-ildo proposatzen dira?
Azoka Bergaratzeko lanketa ez da hutsetik hasiko, izan ere, tokiko ekonomia garatzeko prozesu zabalago baiten kokatzen da. Lanketa ildo hauetan oinarrituko da:
- Azoka Biziberriberritzea: Azokaren beraren inguruko gogoeta bultzatzean datza, kontuan hartuta tokiko garapenaren gune erreferentzialetako bat bilakatu nahi dela Azoka. Honela, elikagaien merkaturatzea indartzeaz gain beste produktu eta jarduera batzuk bertara bideratzea lortu nahi da.
- Lehen sektorea herriratzea: Bertoko eta sasoiko produktuen merkaturatzea bultzatu nahi da lehen sektorea, nekazaritza eta abeltzantza, biziberritze aldera aurrerapausoak emanez eta bergararron artean sentsibilizazioa eta kontzientziazioa sustatuta.
- Haur eta gurasoentzat aisialdi gunea: Azokan 0-12 urte bitarteko haurrentzako aisialdi gunea egingo da. Honekin lotuta, aisialdi ereduaren hausnarketatik abiatu nahi da gune honen planteamendua, gurasoekin eta haurrekin.
Nola parte hartu?
Prozesu honen funtsa da bergararrokin eta bergararrontzat ekitea. Horregartik herritarron eta eragileen parte hartzea eta inplikazioa ezinbestekoak dira.
Hori bultzatzeko, parte hartzeko modu eta aukera desberdinak aurreikusten dira: Ildo bakoitzerako lan taldeak eta saio irekiak izango dira. Horrez gain, ekarpenak egiteko bide eta aukera desberdinak izango dira, besteak beste: web honen bitartez, sare sozialen bitartez, saioetan bertan zein emailez.