Bergarako Udala-k Ar, 2026-10-20 18:11-n bidalia
Bergarako Udaletxean harrera-ekitaldia egin zaie herriko hiru kirolariri, azken hilabeteetan lortutako garaipenak eta izandako kirol-ibilbidea aitortzeko asmoz. Ekitaldian Andoni Calbano atleta, Mikel Aristi txirrindularia eta Nerea Agirrezabal arraunlaria omendu dituzte, herritarren eta senideen aurrean.
Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, harrera honekin herriko kirolarien ahalegina, sakrifizioa eta konstantzia jarri nahi izan dituzte balioan, baita kirol minorizatuetan jarduten dutenen lana aitortu ere.
Omendutako kirolarien artean, Andoni Calbano atletismoan abiadura probetan lortzen ari den mailagatik nabarmendu dute, aurtengo udan Europako Txapelketan errelebo mistoko proban brontzezko domina eskuratu ondoren. Mikel Aristi Gardoki, txirrindularitza profesionalean ibilbide luzea egin ostean, paratxirrindularitzako tandem mailan Munduko txapeldun bilakatu da aurten, urrezko domina irabazita. Azkenik, Nerea Agirrezabal arraunlaria zoriondu dute Arraunlagunak taldearekin denboraldi bikaina osatzeagatik; tartean, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi baititu.
Udalak eskerrak eman dizkie hiru kirolariei Bergararen izena maila gorenera eramateagatik. Zorionak hirurei!

