• Sute detektagailuak jarriko dira eta etxebizitzen krokisa egingo da larrialdi kasuetan ebakuazio planak errazteko.
  • Pertsona nagusien euren zein auzokideen segurtasuna babesteko aukera eskainiko du programa honek.


Bergarako Udalak, herriko pertsona nagusien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko lanean dihardu. Helburu honekin programa berri bat jarriko du abian pertsona adinekoen artean suteak prebenitzeko. Honekin, gainera, herritar hauen berauen segurtasuna bermatzeaz gain, bizilagunen zein auzokideen segurtasuna bultzatzea ere lortuko da.

Programa honen bidez doako hainbat zerbitzu eskainiko dira:

  • Suteen aurkako detektagailuak jarriko dira etxebizitzetan (detektagailuak jartzeko ez da obrarik egin beharko).
  • Krokis zehatzak egitea larrialdietan ebakuazioa errazteko.
  • Etxebizitzetan arrisku zehatzen diagnostikoa egingo da eta prebentziorako aholkuak eskainiko dira.


Programan parte hartzeko etxebizitza aztertuko du teknikari espezializatu batek.  Programan parte hartzea guztiz boluntarioa da eta onuradunek onartu beharko dute Udalak eskaintzen duen zerbitzua.

Onuradun izan daitezkeenek Udalaren gutun bat jasoko dute eta datozen egunetan, egokiro identifikatuko den teknikari bat hurbilduko da euren etxebizitzetara.

Onuradunak

Programa honen onuradun izango dira bakarrik edota 65 urte baino nagusiagoak diren pertsonaren batekin bizi diren 83 urtez gorako Bergarako herritarrak. Guztira 300 bat banako direla aurreikusten da.

Beste batzuk

Programa hau burutzeko “La Caixa” fundazioak laguntza bat eman du eta “A tiempo” enpresa kontratatu du Udalak lana burutzeko. Informazio gehiago behar dutenek Bergarako Udaleko ongizate zerbitzura jo ahalko dute edota 667652110 telefonora deitu (Jon Ensunza, “A tiempo” enpresako langilea).

Programaren aurrekontua 50.000 eurokoa da.