Guraso euskaldunen hizkuntza ohituretan eragin eta gurasoen artean euskararen erabilera sustatzeko 'Zer ikusi, hura egin' kanpaina abiarazi dute Debagoieneko Udalek.

Gurasoen arteko hizkuntz ohiturak berebiziko garrantzia du seme-alabek hitz egiteko erabiliko duten hizkuntza zehazteko, izan ere gurasoak dira seme-alaben eredu. Haurrak ikusten badu gurasoek euskaraz berarekin bakarrik egiten dutela, hain ume ez denean, berak ere erdarara jotzeko joera izango du. Bestalde, familia da umeak euskara aberatsa jasotzeko modurik naturalena, errazena eta eragingarriena.

Haurraren heziketan zutabe garrantzitsuenak etxea eta eskola dira, adituen esanetan. Sarritan, ordea, eskolaren esku uzten da umearen euskalduntzea, euskara eskolan lantzekoa den ustearekin; eta gurasoek erdaraz jardun izan dute elkarren artean eta koadrilan. Baina garrantzitsua da umeak erreferentzia berdinak izatea batean eta bestean, nola jokatu jakiteko gero.

Hori horrela, Zer ikusi, hura egin leloa duen kanpaina jarri dute abian Debagoieneko Udalek euskararen familiako transmisioan eragiteko asmoz. Bergarako Udalak ere bat egin du kanpaina horrekin.

Orain abian jarritako kanpainak maiatza bitartean iraungo du. Arteman Komunikazio enpresak egindako spota udal webguneen bidez, zine aretoetan, sare sozialetan eta tokiko komunikabideen bidez zabalduko da.