• Antzuolako, Bergarako eta Elgetako Udalek, bertoko eragile sozioekonomiko batzuekin batera, sortutako Foroa da BERELAN.
  • BERELANen “Enbaxadoreek”, hemengo enpresa eta erakundeekin batera, era guztietako proiektuak garatzen parte hartzeko aukera izango dute bizi diren lurraldeetan.

Gure lurraldean  aberastasun ekonomikoa eta soziala garatzeko helburuarekin 2. Sektorea Biziberritzeko Mahaia sortu zuen Bergarako Udalak, hainbat eragile sozioekonomikorekin batera. Une honetan Antzuola eta Elgetako udalek ere foroan parte hartzen dute.

Mahai honek eman dituen fruituen artean aurkitzen da BERELAN Foroa, erbestean dauden herritarren eta hemengo eragile sozioekonomikoen artean hainbat harreman sustatu eta bideratu nahi dituen sarea, produkzio-sektore eta gizarte-indar guztien partaidetza ahalbidetuta.

BERELANeko partaide bezala, erbestean dauden bertoko herritarrak gure lurraldearen “enbaxadore” izango dira bizi diren lurraldean eta era guztietako proiektuak gauzatzen, garatzen edota bultzatzen parte hartzeko aukera izango dute hemengo eragile ekonomikoekin eta erakundeekin batera. Honela, kanpoan bizi diren herritarrak aktibo garrantzitsu bilakatu nahi ditugu gure lurraldearen garapen ekonomikoa, soziala zein kulturala bultzatzeko.

 

Interesdunentzako aurkezpen bilera atzeratu egingo da

Kanpoan bizi diren hainbat herritar Gabon inguruan etxera etortzen ohi direla eta, hauei proiektuaren berri emateko bilera aurreikusi zen abenduaren 27rako. Hala ere, erbestean lanean edota ikasten dabiltzan eta ekitaldian parte hartzeko gonbidatuak izan diren pertsona kopurua ziurtatzerik ez dagoenez, eta bilerarako izen emate kopurua txikia izan denez bilera atzeratzea erabaki da.

 

Informazio gehiago BERELAN Foroari buruz

BERELAN Foroaren sorrera Bergarako udalak 2. sektorea biziberritzeko eratu zuen mahaitik egin zen hausnarketa estrategiko orokorraren barruan kokatzen da, eremu ekonomikoa du ardatz, eta eremuko horretako eragile guztiak mugiarazi nahi ditu.  

BERELANek “elkarte” egitura juridiko formala izango du.  Hala den heinean, zehaztutako estatutu batzuek arautuko dituzte bere eraketa eta bere jarduna. Datozen asteetan bere estatutuak guztiz onartutako dira eta orduan zehaztuko da elkartea osatuko duten organoen osaera.

BERELANek egin nahi duen lehen lana honakoa da: sektore guztiak mugiarazi eta beraien estrategia partikularrak lantzeko parte hartzea bultzatu. Horrek sektoreen arteko harremanak ezartzea ekarriko du eta baita estrategia orokorrak zehaztea ere.

Hasiera batean, BERELANen ondoko sektoreok  hartuko dute parte:

  • Nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorea.
  • Industria sektorea
  • Merkataritza eta ostalaritza
  • Arte, aisialdi, kultura eta kirol sektorea.