Hondakinen bilketa selektiborako sistema berria abenduan martxan jartzea aurreikusita bazegoen ere  Mankomunitateak gomendatu digu Gabon jaien ostean abiatzea. Gabonen bueltan sortzen den mugimenduak, komertzio, jatetxe eta etxeetan sortzen den hondakin kopurua ezagututa egokiago ikusi da sistema berria behin jaiak pasata aktibatzea. Beraz, bilketa sistema berria gabon ostean abiatuko da behin gabonen bueltan sortu ditugun hondakinak gaur egungo sistema bidez jasota.

 

Azken ukituak

Sistema berriaren inplantazioaren atzerapenerako beste arrazoi bat zenbait horniduraren atzerapena izan da, hala nola, baserri-guneetako ekarpen guneetako txartelena.

Horrez gain, Bergararen berezitasunek ere konplexutasun teknikoak suposatu dituzte sistema berria ezartzeko.

Bideratu dira Alde Zaharrean eta Iraburuko bilketa guneak ere. Alde Zaharreko Hirigune Historikoa kultura ondasun gisa kalifikatua dagoenez (2003 geroztik Monumentu multzo izendapena dauka- 96/2003 dekretuaren bitartez) eta kaleak estuak izanik (horrek suposatzen duen traba teknikoarekin), bilketa guneak lokaletan eta  propio prestatutako espazioetan kokatuko dira. Lokal eta gune hauen egokitzapen lanak hil honetan amaitzea aurreikusten da.

Irabururi dagokionez, oztopo arkitektonikoak gainditu behar izan dira esekitokiak jartzeko.

 

Bilketa berrirako materialak Bergarako etxeetan

Bergarako familia gehienek badauzkate dagoeneko etxeetan bilketa sistema berrirako beharrezko materialak (errefusa eta organikoa atalak bereizteko baldeak, gida lagungarriak eta egutegi eta ordutegiak gogoratzeko balio duen imana), Oxirondoko Azokan egin zen material banaketan 10 etxetatik 7k jaso zituzten sistema berrirako beharrezko zuten  aipatutako material multzoa. .

Oraindik jaso ez dituztenek Hondakin Bilketa Selektiborako Bulegora jo dezakete. Informazio Bulegoa Udaletxeko sarreran dago kokatuta eta herritarrak hartzeko irekita dago astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 19:00etara, eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara. Telefonoz kontaktatzeko 943 76 46 18 zenbakira deitu behar da.

Bergarako Komertzioei eta industriei dagokionez ere material banaketa  bukatzear da.

 

Sistema martxan jartzen denerako herritarrei eskaria

Aldaketak guztiontzako egokitzapen prozesu bat eskatuko badu ere, Bergarako Udalak eta Debagoieneko Mankomunitateak ezarritako bilketa orduak eta egokitutako bilketa guneak errespetatzeko dei egiten zaie bergararrei, batez ere, hondakin bilketan aritzen diren langileenganako begirunez jokatzeko eta euren lana errazte aldera. Azken batean, langile hauek ere sistema aldaketara egokitu beharko dute eta.

Ordutegiekin, guneekin zein bereizi beharreko elementuekin zalantzarik izanez gero, Hondakin Bilketa Selektiborako Bulegoarekin harremanetan jartzeko aukera egongo da.

 

Boluntarioei eskerrak

Azkenik, ohar honen bitartez, Bergarako Udalak eskerrak eman nahi dizkie material banaketan parte hartu duten boluntarioei.

Bergarako Hondakin Bilketa Selektiborako Sistemari buruzko informazio guztia aurki daiteke Udal webguneko atal honetan.