webmaster-k Ar, 2026-05-19 12:56-n bidalia
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Gorka Artola Bergarako alkateak astearte eguerdian aurkeztu dute Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena eta Foruen abolizioaren 150. urteurrena oroitzeko uztailaren 19ean ospatuko den ekitaldi politiko-instituzionala.
Izan ere, 2026 urtea mugarri berezia da Euskal Herriko politikagintzan, bi efemeride historiko garrantzitsu batzen baitira: 1876ko uztailaren 21eko Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren sorrera eta bere 50. urteurrena. Bi gertakariek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera.
Agerraldian nabarmendu dutenez, 1876ko abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta, ondorioz, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia eragin zuen. Mende bat geroago, 1976an, Bergaran bildutako alkateek testuinguru politiko berrian herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berretsi zituzten.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “gure herriaren ibilbide historikoa markatu” duten bi efemeridek bat egiten dute 2026 honetan eta, horregatik “lehen mailako esanahi instituzional eta politikoa” izango du data honek. “Orain dela mende erdi Bergaran bezala, aldarrikatuko dugu herri bat garela eta jarraitu nahi dugula gerora begira ere elkarlanean gure autogobernua eraikitzen, erakunde propioak defendatzen eta euskararen biziberritzean urratsak ematen. Foruak dira euskaldunok geure burua gobernatzeko eta antolatzeko izan dugun eta daukagun lurzoru historikoa, herri gisa ditugun balioen isla: demokrazia, berdintasuna, aldebikotasuna eta akordioa, besteak beste. Balio eta eskubide historiko horiek sendotzen eta eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berritzeko okasioa izango dugu”, iradoki du.
Halaber, Gorka Artola Bergarako alkateak gaineratu duenez, “Bi efemeride hauek ez dira soilik iraganari begiratzeko aitzakia; gure historia ulertu eta etorkizunera begira hausnartzeko aukera eskaintzen digute. Izan ere, foruen abolizioak gure lurraldeen autogobernuan eta eskubide historikoetan eragin sakona izan zuen, eta ondorio horiek gaur arte iritsi dira. Mende bat geroago, 1976an, testuinguru politiko erabat desberdin batean, hainbat udal ordezkari Bergaran bildu ziren, herri honetatik bertatik, Euskal Herriaren nortasuna, eskubide historikoak eta autogobernuaren aldeko konpromisoa berritzeko. Alkateen Mugimendu hura erreferente izan zen, eta gaur egun ere badu indarra: udalerriok herritarren borondatearen adierazpide hurbilena gara eta erantzukizun berezia dugu etorkizuna eraikitzeko orduan”.
Bi erakundeek azpimarratu dute urteurrenek ez dutela soilik balio oroimena lantzeko, baizik eta gaur egungo erronkei begiratzeko abagunea ere badirela. Trantsizio ekologikoa eta energetikoa, euskararen biziberritzea, zaintza sistema duin baten eraikuntza edota desberdinkeria sozialen aurkako borroka bezalako erronkei aurre egiteko, autogobernu sendoagoaren beharra azpimarratu dute.
Testuinguru horretan, uztailaren 19an Bergaran ekitaldi politiko-instituzionala egingo dela iragarri dute, Alkateen Mugimendua gogoratzeko eta 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko. Ekitaldia, halaber, etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko topagune izango da.
Azkenik, Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erakundeen arteko elkarlana azpimarratu dute, memoria historikoa eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gaitasuna uztartuko dituen ikuspegi partekatua eraikitzeko helburuarekin.

